frantziako lan kodearen erreforma

Lan erreforma bozketarik gabe aurrera aterako du Manuel Vallsek

Erreforma "ezinbestekoa" dela iritzita eta behar adina boto ez dituela izango aurreikusiz, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiliko du lehen ministroak. Lan kodearen erreforma automatikoki onartuta geratuko da.

El Komrhi legearen kontrako kolektiboko 30 kideak ETPM enpresa blokeatzen, Arrangoitzen. ISABELLE MIQUELESTORENA
Iker Aranburu.
2016ko maiatzaren 10a
07:55
Entzun

Lan erreforma onartzeko botoak falta ahal zaizkiola ikusita, bozketari iskin egin dio Frantziako Gobernuak. Ezohiko ministroen kontseiluan bilduta, gobernuak baimena eman dio Manuel Valls lehen ministroari Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzeko. Horren bidez, gobernuak eskumena du legegai bat bozketa egin gabe onartzeko. Trukean, Asanblearen mozio bat eragotzi edo gainditu behar du exekutiboak; eskuineko oposizioak hala egingo duela iragarri du.

Vallsen apustua da lan erreformaren alde bozkatuko ez duten PS alderdi sozialistako frondeur edo suminduak ez direla ausartuko gobernua botako lukeen eskuinaren zentsura mozio baten alde egitera. Horixe bera gertatu zen iaz, Macron legearekin. Ekonomia liberalizatzea helburu zuen lege horretarako ere nahiko babes ez zuen Vallsen gobernuak, eta 49.3 artikuluaren bidez gainditu zuen ataka. Otsailaren 19an bozkatu zen gobernuaren aurkako zentsura mozioa, eta porrot egin zuen: UMP eskuindarraren eta UDI zentristaren proposamenak aldeko 234 boto lortu zituen, eta kontrako 289. 

"Arduraz egingo dut"

Gobernuak zentsura mozioa gaindituko balu, lan kodearen erreforma automatikoki onartuta geratuko da, eta Senatura igaroko da. Ganbera horretan gehiengoa du eskuinak, eta pentsatzekoa da aldaketa batzuk egingo dizkiola. Kasu horretan, Asanbleara itzuliko da, eta hor bigarrenez erabiliko du Vallsek 49.3 artikulua. "Arduraz egingo dut, baina konfiantzarekin", justifikatu du gaur diputatuen aurrean. Lan merkatua malgutzea "ezinbestekoa" dela defendatu du lehen ministroak, "herriak aurrera egin behar duelako". 

Legeari izena eman dion Myriam El Khomri Lan ministroak ukatu egin du nagusikeriaz jokatu dutela: "Elkarrizketarako borondate zintzoa erakutsi dugu, eta aberastu egin dugu konpromiso bat lortze aldera. Mila zuzenketa aztertu ditugu, eta heren bat onartu dira".

Joan den astera arte Parisko gobernuak zioen ez zuela 49.3 artikulua erabiltzeko asmorik, baina iritzia aldatu zuen ostiralean, ikusi zuenean lege proiektua biguntzeko egindako aldaketak ez direla nahikoak izan PSko sektore ezkertiarrena erakartzeko. Eskuinak ere nagusiki kontrako botoa emango dio, aldaketa horiek beraiek proiektu "interesgarria" zena urardotu dutela salatu baitute. Medef patronalak ere kritikatu ditu aldaketak, eta ontzat hartu dituzte sindikatu erreformistek, CFDT buru dutela. Aldaketa nagusia izan zen taldekako kaleratzeetan prud'home edo lan auzitegiei ezingo zitzaizkiela gehienezko kalteordainak inposatu.

Beste sindikatu batzuek, haien artean CGT komunista (nagusia) eta LAB, erreforma osorik bertan behera geratzea eskatu dute lehen unetik. Ikasleen sindikatuekin eta beste gizarte talde batzuekin batera lau protesta egun antolatu dituzte erreformaren aurka; ostegun honetan izango da bosgarrena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.