Lan merkatua

Lan erreforma onartu du Frantziako Gobernuak

Lege proiektuak erraztu egiten du arazoak dituzten enpresetan langileak kaleratzea. Trukean, kontratu prekario batzuk gehiago zergapetuko dira eta osasun osagarria izango dute langile guztiek.

Iker Aranburu.
2013ko martxoaren 6a
20:16
Entzun

Bezperan izandako manifestazioek eta ezkerreko diputatu askoren zalantzek ez dute Frantziako Gobernuaren jarrera aldarazi, eta patronalak eta sindikatu batzuek hitzartutako lan merkatuaren erreforma legegai egitea erabaki du. Erreformak frantziar erako malgusegurtasun dosi bat emango dio lan merkatuari. Hau da, enpresek erraztasun handiagoa izango dute langileak kaleratzeko edo haien lan baldintzak aldatzeko; trukean, langileek zenbait eskubide sendotuko dituzte eta prekarietatea mugatzeko urratsak egingo dituzte.

Frantziako Gobernuak atzoko bilera onartutako lege proiektua  urtarrilaren 11ean patronalek eta CFDT, CFTC eta CFE-CGC sindikatuek hitzartutako akordioan oinarritzen da. Aldaketarik ez egitea justifikatu du Jean-Marc Ayrault lehen ministroak, esanez "azken 30 urteotako akordiorik garrantzitsuena" dela. Elkarrizketa soziala goretsi du, "ez baita posible herrialdea soilik borrokaren eta gatazkaren bidez erreformatzea. Elkarrizketa sozialaren arrakasta da gaurkoa, konpromisoa bilatzearena".

Jakinda ezkerraren barruan eta PSren baitan ere askok uste duten itundutakoa patronalaren oso aldekoa dela, Legebiltzarreko tramitean ahalik eta aldaketa gutxien egotea espero du Matignonek. "Gizarte eragileek idatzi dutena hobetzeko" zuzenketak baizik ez ditu nahi gobernuak. Era horretara Nicolas Sarkozyren agintaldiarekiko aldea markatu nahi du Hollandek, hark entzun bai baina gero nahi zuena egiten zuelakoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.