Lan erreformarako proposamena gidoi hutsa iruditu zaio Lazpiurri

Gobernuak landu beharreko gai nagusiak aipatu dituela baina neurriak zehaztu egin beharko direla esan du

Erredakzioa
Bilbo
2010eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak proposatutako lan erreforma ez zaie aski iruditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresaburuei. Aurreko astean Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteak esandakoak berretsi zituen atzo Miguel Lazpiur Confebaskeko buruak. «Proposatutakoa jorratu beharreko gaien gidoi hutsa da. Elkarrizketa sozialerako mahaian edo Gobernuak bere erabakien bidezmoldatu beharko du», esan zuen. Dena den, Lazpiurren ustez, landu beharreko gai guztiak bildu ditu Gobernuak lan erreformarako proposamenean.

Forum Euskadin egin zituen adierazpenak enpresaburuen elkarteko presidenteak. Haren esanetan, behar-beharrezkoa da egiturazko erreformak egitea. Aldatu beharreko kontuen artean honako hauek aipatu zituen: eredu energetikoa, etxebizitza eta lurzoru politikak, zerga sistema eta gizarte segurantza pentsioen gaineko eztabaidatik hasita.

Hala ere, Lazpiurren arabera, bi erreformak dute lehentasuna. Alde batetik, administrazio publikoarenak eta, bestetik, lan merkatuarenak. «Ezinbestekoa da Estatuaren finantza publikoak eta haien kudeaketa txukuntzea», esan zuen.

Lan erreformari dagokionez, malgutasuna eskatu zuen. «Lan merkatuaren zurruntasunagatik galdu dira BPGaren jaitsiera handiagoa izan duten herrialdeetan baino lanpostu gehiago». Malgutasunak ez duela langileak kaleratzea esan nahi azaldu zuen. «Egoera bakoitzera egokitzeko gaitasuna esan nahi du, baina enpresa bera eta baita langileak ere. Beraz, biei egiten die mesede». Eta gaineratu du malgutasunari esker lortzen dela enpresaren lehiakortasun beharren eta langileen bizitza pertsonalaren arteko oreka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.