LAN GATAZKA. ATBk Babcocketik alde egitea nahi du PSE-EEk ere, istiluen ostean

SEPIri eskatu dio beste jabe baten bila hasteko, eta langileen eskariekin bat egin du, beste alderdi eta sindikatuek bezala

ERREDAKZIOA - BILBO
2005eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Giroa bero-bero dago Babcocken. Lantegiak ATBren esku segituz gero, hondoa joko duela berretsi dute sindikatu eta alderdi politiko gehienek. Oraingo jabeen bizkar jarri dituzte herenegungo istilu gorriak, eta enpresa poliki-poliki hiltzen uzteko asmoa leporatu diete. PSE-EEk berak SEPIri (Espainiako Industria Partaidetzarako Sozietatea) eskatu dio beste inbertsiogile baten bila hasteko.

Emandako hitza «jan» du ATBk eta «ez ikusiarena» egin dio Babcock pizteko plan estrategikoari, alderdi horretako Bizkaiko idazkari nagusi Jose Antonio Pastorren arabera. «Zuzendarien nagusikeriak eta kudeaketa txarrak» eragin du Trapagarango lantegiaren gainbehera. «ATBk alde egin beharko du, Babcockek etorkizuna edukiko badu». Egoera zuzentzeko «ez da gai» da ATB eta, hori gutxi balitz bezala, «askatasun sindikala urratzen» ari da. «Beldurraren politika ezarri du». Pastorren irudiko, «probokazioen adibide argia da herenegungo kaleratzea». Langileen batzordearekin bat egin du PSE-EEko buruak, eta 20 urtez enpresan lanean ibili den behargina berriz hartzeko exijitu dio zuzendaritzari.Babcockeko langileek jada iragarri dute ez direla lanera itzuliko ATBko nagusiek atzera egin ezean. Deitoratu dutenez, «etengabe bazterrak nahasten dabil Austriako konpainia, lantegia poliki-poliki hil dadin». Jabeek gaurdaino ez dute erakutsi «Babcock suspertzeko borondaterik». Enpresa atzera «errentagarria» izan daiteke, ordea.

Ertzaintzari kritika

Iritzi berekoa da LAB: «Beste jabe baten gidaritzapean posible da Babcocken etorkizuna bermatzea». Langileei elkartasuna adierazi die eta SEPIri eskatu diobere gain hartzeko lantegia salbatzeko erantzukizuna. «SEPIk (Espainiako Gobernuak) utzi zuen Babcock ATBren esku eta berari dagokio enpresaren bideragarritasuna ziurtatzea». LABek, gainera, gogor kritikatu du Ertzaintzaren jarrera.

«Lan taldea kolpatzea eta zortzi langile zauritzea ez da lan gatazka konpontzeko bidea», sindikatuaren ustez. «Giroa zakartzea besterik ez dute lortu ertzainek eta Babcockeko zuzendariek». Ildo beretik jo dute beste sindikatuek. Are gehiago, ELA-Ertzaintzak Jaurlaritzako Barne Sailari eskatu dio Poliziaren Bizkaiko lurraldeburua kargutik kentzeko. «Babcockeko jabeen interesekin bat egin eta, bere aginduekin, arriskuan jarri du langileen segurtasuna».ELA-Ertzaintza «nazka-nazka» eginda dago «gatazka gehiegitan polizia autonomikoa neurrigabe eta arrazoi barik» erabiltzen dutelako. Poliziek «bere lana» egiten dutela eta Babcocken krisia PSOEren ardura dela uste du Bizkaiko PPko buru Antonio Basagoitik, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.