Lan hitzarmenen luzapena urtebetera mugatuko dute, patronalak nahi zuen gisara

Zenbait zuzenketa onartu ondoren, lan erreformaren tramiteak aurrera jarraitzen du PP eta CiUren botoekin

Ivan Santamaria.
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Asko jota urtebete luzatuko da lan hitzarmenen iraupena. Epe hori akordiorik lortu gabe igarotzen bada, sektoreko itunak arautuko ditu enpresa horretako langileen baldintzak. Lan merkatuaren erreformaren arabera, bi urtekoa izatea espero zen, baina erdira murriztea erabaki zuen atzo Espainiako Kongresuko Lan eta Gizarte Segurantza batzordeak, legeari egindako zuzenketak eztabaidatzeko azken saioan.

Ultraaktibitateari kolpe latza eman dio moldaketak. Erreforma onartu arte, iraupena amaituta ere enpresa bateko lan hitzarmenak indarrean jarraitzen zuen beste batekin ordezkatu arte. Horri esker, langileak ez zeuden nahi ez zituzten edukiei buruz negoziatzera behartuak, eta prozesua ez zen hutsetik abiatzen. Enpresaburuen aspaldiko eskaera zen ultraaktibitatea ezabatzea, edo, gutxienez, mugatzea. Eskaera horren jarraipena da atzo Foro Alvarez Cascos (FAC) alderdiak aurkeztu eta PPren babesarekin aurrera atera zen zuzenketa.

Ez zen saioan aurrera atera zen aldaketa bakarra. CiUrekin hainbat eduki adostu zituzten popularrek. Horien artean dago urtebeteko proba epea baimentzen duen kontratu berri polemikoari egindako ñabardura. Zuzenketaren arabera, kontratu hori legezkoa izango da Espainiako langabezia %15 baino gutxiago izan arte.

Kontratu hori asko jota hiru urtez indarrean egotea nahi zuen CiUk. Azkenean, langabeziaren ehuneko bat ezartzea adostu dute. Ez du laburrera begira ondorio handirik izango —Espainiako langabezia %25era iristea espero da aurki—, baina muga bat izatea lagungarria izango zaio Raxoiren gobernuari kontratuaren legezkotasuna defendatzeko. Sindikatuen eta ezkerreko alderdi batzuen aburuz, lehen urtean langilea inolako kalte-ordainik gabe kaleratu ahal izatea erreformaren barnean dauden eta Espainiako Konstituzioa urratzen duten edukietako bat litzateke.

Zuzenketak Espainiako langabeziari egiten dio erreferentzia, eta ez tokian tokikoari. Esaterako, Hego Euskal Herrian kontratuaren erabilera mugan legoke gaur egun (%15,6 da langabezia), eta Gipuzkoan azpitik dago.

Ñabardurak absentismoari

Absentismoaren ondorioz kaleratua izateko aukera leundu du PPk, autozuzenketa baten bidez. Bi hilabetean jardunaldien %20an huts egitea nahikoa izango da aurrerantzean ere, orain arte bezala, baina aurreko hamabi hilabeteetan lanaldien %5ean huts egin izana ere beharrezkoa izango da.

PPk eta CiUk, halaber, gehiago zehaztu dituzte lan baldintzak aldatu edo kaleratzeak baimendu ahal izateko egon behar diren galerak edo salmenta jaitsierak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.