Enplegua

Lan ikuskaritzak 3.500 enplegu irregular hauteman zituen iaz EAEn

Gizarte Segurantzari egindako iruzurra 40,5 milioi eurokoa izan zen.

Miren Garate.
2014ko martxoaren 5a
08:14
Entzun

Lan Ikuskaritzak 3.539 enplegu irregular azaleratu zituen joan den urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ogasunari egindako iruzurra, berriz, 40,5 milioi eurokoa izan zen, eta irekitako espedienteek 458.000 euroko isunak eragin zituzten.

Carlos Garcia Lan Ikuskaritzako lurralde zuzendariak jakinarazi duenez, %78 hazi dira ezkutuko ekonomia kasuak aurreko urtetik. Nabarmendu du lan iruzurraren aurkako borrokan "planifikazioa handitu" delako hauteman direla kasu gehiago. Hiru motatako iruzurrak izan dira: langileak Gizarte Segurantzan izena eman gabe edukitzea, enpresak ez erregistratzea Gizarte Segurantzan eta lan baimenik gabeko atzerritarrak "kontratatzea".

Lan ikuskaritzak 55 "itxurazko enpresa" edota kontratu faltsu ere agerian jarri zituen iaz. Horien helburua zen langile faltsuek egoitza baimena, langabezia saria edota bestelako gizarte laguntzaren bat eskuratzea. Batik bat, nekazaritzan eta etxeko langileen sektorean izan ziren.

2014an kontratu partzialen gaineko ikuskaritza sendotuko du sailak, hau da, ordu gutxitako kontratuak izan arren egun osoko jarduna edo ordu gehiagokoa duten langileen kasuak ikertuko ditu. Halakoetan iruzurgileen helburua kotizazioak ez ordaintzea izaten dela esan du, hau da, Gizarte Segurantzan izena eman gabeko langileak dituztenen helburu berak izaten dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.