Ekainean kontratu irregularrei aurre egiteko 2018-2020ko urteen arteko Lan Duinaren Plana jarri zuen martxan Espainiako Gobernuak, eta Eusko Jaurlaritzaren lan ikuskaritzarekin batera lanean jardun dute hilabete hauetan. Gaur goizean elkarlan horren datuak eman dituzte prentsaren aurrean: abuztu eta irailean zehar 2.340 gutun bidali dituzte kontratu irregularrak egin dituzten enpresa “susmagarrietara”. Bi hilabete horietan, 1.348 kontratu erregulatu dituzte, baina horiei urte hasieratik lan ikuskaritzak erregulatu dituen 5.732 kontratuak gehitu behar zaizkie. Denetara, 7.080 kontratu ikuskatu eta erregulatu dituzte urrira arte. Hirukoiztu egin da kopurua, iaz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1.979 kontratu ikuskatu eta erregulatu zituztelako.
Kontratu irregularrak egiten dituzten sektoreen artean ostalaritza eta txikizkako merkataritza dago, eta, aldi baterako kontratuak egiten badizkiete ere, adierazitakoa baino ordu gehiago egiten dute lan behargin horiek. Irregulartasun horiei aurre egiteko landu dute plana, eta “PPk utzitako ondorengotzari buelta emateko” lanean ari direla azaldu du Jesus Loza Espainiako Gobernuko delegatuak. “Badakigu hori ez dela hilabete gutxi batzuetan konpontzen, baina bide horretan jarraitu behar dugu”, borobildu du.