Gora egin du lan istripu kopuruak aurtengo lehen zortzi hilabeteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iazko aldi berarekin alderatuta, %8,3 igo da gaixo agiridun lan istripu kopurua. Osalanen datuen arabera, guztira 20.357 lan istripu egon dira urtarriletik abuztura bitartean. Heriotza eragin duten lan istripuak hamazazpi izan dira, iazko aldi berean baino bat gutxiago.
Osalanek lan orduetako istripuak, in itinere-koak —bidean, lanera joatean edo itzultzean gertatutakoak—, eta berriz gaixotzeak hartu ditu kontutan zenbaketa orokorra egiterakoan. Lan orduetan gertatutako istripuak 17.053 izan dira (+%9,7), eta in itinere-koak 2.078 (-%4,7).
Lan orduetan gertatutako istripuetatik 17.053 arinak izan ziren (+%9,8), 89 larriak (-%7,3) eta 13 hilgarriak —2015ean Osalanek zenbatutakoak baino lau gutxiago—. In itinere-ko istripuen artean, berriz, 2.062 istripu arinak izan ziren (-%4,9), hamabi larriak (+%9,1), eta lau hilgarriak —iaz baino hiru gehiago—.
Sektoreei erreparatuta, eraikuntzarena da lan istripu gehien dituena —48,8 gaixo agiri mila langileko—, lehen sektorearen —46,2 gaixo agiri mila langileko—, industriaren —milatik 40,3— eta zerbitzuen sektorearen aurretik —milatik hamasei—.
Lan istripuak Euskal Herrian
LAB sindikatuak Euskal Herri osoan gertatutako lan istripu hilgarriak erregistatu ditu, eta 36 zenbatu ditu urtea hasi zenetik. Hain zuzen ere, atzo gertatu zen azken lan istripu hilgarria, Nafarroan: 35 urteko langile bat zendu zen Tuterako Sigma Brakes enpresan (Nafarroa), eskorga batek harrapatuta.