Lan merkatuaren erreforma, «hurbil»

Soldatak gutxi igotzea ez ezik, lanaldi partziala zabaltzea ere onartzeko bidean dira CCOO eta UGT

Iker Aranburu.
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Errege egunera arteko epea eman zien Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak patronalari eta sindikatuei lan erreformari buruz akordioa lortzeko. Gaur beteko da epea eta adostasuna artean iritsi ez bada ere, «akordiotik hurbil» daudela ziurtatu zuen atzo negoziatzaileetako batek, Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak. Lanaldi partzialeko kontratuak bultzatzea da aztertzen ari diren neurrietako bat.

Cope irratiari egindako adierazpenetan, Toxok garrantzia kendu dio epea teorian beteta izateari, gaur jaieguna eta bihar larunbata delako. «Pentsatzen dut [Raxoik] ez zuela buruan igandean dekretu bat indarrean jartzea akordioan edo desakordioan oinarrituta. Hortaz, epe pixka bat malguagoekin ari gara jokatzen». Epe hori hurrengo astea izan liteke, sindikatuetako eta patronaleko iturriek hedabideei adierazitakoaren arabera.

Hilaren 13ko Ministroen Kontseilua buruan dutela, CCOO eta UGT sindikatuetako eta CEOE enpresaburuen elkarteko ordezkariak bilerak ugaritu dituzte azken egunotan. «Soldatei buruzko eztabaida nahiko aurreratuta daukagu, baina esango nuke artean ez dagoela erabateko akordiorik. […] Hurbil gaude, eta hasi gara kontratazio moldeei buruz hizketan. Lanaldi partzialeko kontratua puntu garrantzitsu bat da», azaldu du Toxok. Historikoki mesfidantzaz ikusi dute sindikatuek lanaldi partziala, lan baldintza prekarioekin eta soldata apalekin lotu izan baitute. Patronalek, ordea, ezinbestekotzat jotzen dute, malgutasuna ematen dielako. Edonola ere, sindikatuek ez dute minijobs-en moduko neurririk onartu nahi. Toxok nabarmendu duenez, Alemanian halakoak baliatzen dira beste lan bat dutenentzat, soldatak osatze aldera.

Soldatei buruz, enpresetako edo sektorekako negoziatzaileei«moderazioa» eskatu behar diete. Langileei ez ezik, enpresetako arduradunei ere eskatuko diete beren sariak gutxi igotzeko, ahal dela, prezioei eutsi eta horrela lehiakortasun berreskuratzeko.

Irrati horretan bertan, Arturo Fernandez CEOEko lehendakariordeak ere onartu du adostasuna gero eta gertuago dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.