Frantziako Gobernuak eskatuta hasi dute negoziazioa patronalak eta sindikatuek. Urtea amaitu arteko epea eman die lan erreforma hitzartzeko, eta egiten ez badute bere kasara erabakiko duela ohartarazi die. Frantziak hiru milioi langabetik gora ditu, eta François Hollande presidenteak hitzeman du hemendik urtebetera goranzko joera hautsiko duela.
Patronalek lanaldia antolatzeko eta beren lantaldeak egokitzeko erraztasun handiagoak nahi dituzte, eta plan sozialak —erregulazio espedienteak Hego Euskal Herrian— orain arte baino bizkorrago erabakitzea. Sindikatuak, berriz, oso mesfidati dira enpresaburuek eskatzen duten malgutasunarekin, eta langileen taldekako kaleratzeak ahal bezainbeste zailtzea eta lan merkatuaren prekarietatea mugatzea dute xede. "Ez da behar kaleratzeko askatasun gehiago, doi-doi kontrakoa", ziurtatu du Agnes Le Bot CGTko negoziatzaileak.