Atzeraldiak mundu osoan milioika lanpostu suntsitu eta gero, lan merkatuen eta langabeziaren inguruan aritzen diren hiru ikerlarik jasoko dute aurten ekonomiari dagokion nobel saria. Peter Diamond, Dale Mortensen eta Christopher Pissaridis dira hiru saridunak.
«Araudiek eta politika ekonomikoek langabezian, hutsik dauden lanpostuetan eta soldatetan duten eragina ulertzeko lagungarriak dira hiru sarituen ereduak», zehaztu du Suediako Zientzen Erret Akademiak, Nobel saria urtero erabakitzeaz arduratzen den erakundeak. Lana bilatzeko eta aurkitzeko prozesuan merkatuek dituzten arazoen ikerketa da, batez ere, baina beste auzi batzuei heltzeko ere balio lezake. Hala nola etxebizitzaren merkatua.
Peter Diamond (AEB, 1940), Ekonomia irakasten du Bostongo MIT ezagunean. Bilatze eta parekatze merkatuen teoriari egin dizkion «ekarpen erabakigarriak» aitortu nahi dizkio akademiak. Dale Mortensenek (AEB, 1939) eta Christopher Pissaridesek (Zipre, 1948), berriz, teoria hori garatu zuten, eta lan merkatuen azterketarako egokitu zuten. Northwestern Unibertsitatean irakasten du gaur egun Mortensenek, eta Pissarides London School of Economics and Political Science erakundean ari da.
Zientzia Ekonomikoen Nobel Saria 1969. urtean sortu zen, Suediako Bankuaren ekimenez. Hiru saridunen artean 1,1 milioi euro eskuratuko dute, datorren abenduaren 10ean Nobel saria bera jasotzeaz gain.
Lan merkatuei eta langabeziari buruzko ikerketa saritu du Nobel sariak
Hauek izendatu dituzte ekonomiaren atalean: Peter Diamond, Dale Mortensen eta Christopher Pissarides
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu