Industria sektorean lanpostuak galtzen ari direlako kezkatuta dago Gipuzkoako patronala, euren txosten baten arabera azken bi urteetan 6.000 lanpostu desagertu baitira. Jose Maria Ruiz Urtxegi idazkari nagusiak kezka horrekin lotu zuen atzo negoziazio kolektiboan lanaldi murrizketa gehiago ez onartzeko eta lan kostuekin soldatekin«neurriz jokatzeko» asmoa. Aldi berean, produktibitatea handitzeko, berrikuntzan egin beharreko apustuan enpresek eurek duten ardura azpimarratzeko konpromisoa hartu du Adegik, eta administrazioei eskari zuzena egin die: inflazioa kontrolatzeko.
Txostenarekin ikuspegi beltza agertu du Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak. Lau bakarrik dira Gipuzkoako industriak baino lanaldi txikiagoak dituzten Europako herrialdeak: berezitasun handiak dituen Danimarka, krisian dagoen Italia, eta hainbat enplegu galdu ondoren 35 orduko lanastea handiagotzera «zenbaitetan 43 ordura» itzuli diren Alemania eta Frantzia.
Lan egindako orduko lan kostuetan Gipuzkoako industria sektorea 25 herrialdeko Europako Batasuneko batez bestekoan dagoela dio patronalak eta unitateko lan kostuetan hazkunde bizkorrenetakoa du Gipuzkoak. Beraz, aurrera begira horien bilakaerak lehiakortasuna arriskuan jar dezakeela dio.
«Lehiakortasun galerak pilatzen ari gara», esan du Urtxegik. Hori bai, lehiakortasunean lanaldia eta lan kostuak ez direla aldagai bakarra aitortu zuen Adegiko idazkari nagusiak, kazetarien galderei erantzuterakoan. «Gipuzkoako enpresen tamaina txikia eta formazio beharra ere aintzat hartu beharko lirateke».
Kontua da lanaldia eta lan kostuak direla negoziazio kolektiboan patronalak eta sindikatuek izaten dituzten eztabaidagai nagusiak. Eta negoziazio hori krisian dagoela esan daiteke, Gipuzkoan sinatu ohi ziren 24 sektoreko itunetatik, gaur egun lau bakarrik baitaude adostuta metalgintzakoa, eraikuntzakoa, arte grafikoetakoa eta zahar- etxeetakoa eta bakarra negoziazioan papergintzakoa.
Lan murrizketarik ez du onartuko Adegik negoziazio kolektiboan
Lanaldi txikiegiak eta lan-kostuen hazkunde erritmo bizkorrak lehiakortasuna arriskuan jar dezaketela uste du Gipuzkoako patronalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu