Lan osasuna, krisiaren biktima

Sindikatuek salatu dute lan baldintzak «prekarizatu» egin direla Espainiako Gobernuaren murrizketen ondoriozAntzeko aldarrikapenekin baina bakoitza bere aldetik atera da kalera

I. Santamaria - L. Muñagorri
Gasteiz - Bilbo
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Prekarietatearen aurkako, eta laneko segurtasunaren aldeko hitzak izan zituzten atzo sindikatuek Euskal Herriko hiriburuetan egindako protestetan. Hainbat manifestazio egin zituztengaur ospatzen den Lan Segurtasun eta Osasunaren nazioarteko egunaren harira. Aldarrikapen antzekoak, baina sindikatu bakoitzak bere aldetik egin zituen mobilizazioak.

ELA

Arazo psikosozialak azalera

Lan osasunaren nazioarteko egunaren bezpera arazo psikosozialei buruz jardunaldia egiteko baliatu zuen ELAk. Gasteizko Europa jauregian ehunka ordezkari bildu zituen sindikatuak. Adolfo Muñoz idazkari nagusiak laneko segurtasuna eta prekarietatea zuzenean lotu zituen. «Bidegabea den lan merkatu batek sortutako egoera da laneko osasunarena», argudiatu zuen, eta lan osasunaren alde borrokatzea defendatu zuen, «gizarte elkarrizketako mahaietan egiten dena antzerki hutsa delako».

Krisiari eta murrizketei buruz luze mintzatu zen ELAko buruzagia. «Murrizketak ezartzen ari diren gobernuei laneko osasuna, osasun arloa, bost axola zaie». Erreforma guztien azken helmuga enplegu duina eskubiderik ez duten lanpostuekin ordezkatzea dela ohartarazi zuen Muñozek. Ildo horretan, lan orduak handitzeko Confebaskek egin duen eskaera errefusatu zuen. «Elkartasun gutxien duen Europako patronala dugu».

Greba orokorra «nahiko ongi» aurrera atera zen, haren ustez, baina orain espazio sozial eta alternatiboa babesteko sindikatua indartu behar dela ohartarazi zien ELAko ordezkariei. «Bakarrik iraungo dugu afiliatzen bagara, sektoreak sindikalizatuta badaude, eta militantzia kontzientea badugu». Jardunaldia amaitu ondoren ELAko kideek manifestazioa egin zuten SEA Arabako patronalaren egoitzaraino.

LAB

Osasuna, eredu propio bidez

LABek Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean egin zituen elkarretaratzeak. Osasuna bermatu ahal izateko, euskal eredu propioa eraiki behar dela aldarrikatu zuen. Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak adierazi zuenez, «lan istripuek egoten jarraitzen duten bitartean, nabarmena da arazoa egon badagoela».

Krisiak, ordea, egoera okertu besterik ez du egin, haren ustez. «Lan osasuna kaltetzeko faktore berriak agertu dira». Besteak beste, mehatxuak, presioak, eta krisia baliatuz hartzen ari diren neurriak aipatu zituen. Murrizketa horiek lan osasunerako eskubidea urratzen dutela adierazi zuen: «Momentu honetan, gaixotzeko eskubiderik ere ez dago: lapurtu egin digute».

Osasun zerbitzua ere pribatizatu egin nahi dutela ohartarazi zuen, «mutualitateei eskumen gehiago emateko». Hala, gaixotasuna esku pribatuetara igaroko da haren esanetan. «Ez da kasualitatea patronaleko burua mutualitateko kudeatzailea izatea». Horregatik, lan harremanen eredu berria aldarrikatu du sindikatuak.

CCOO

Lan gaixotasunak azaleratzen

Lan gaixotasunaren aurkako borroka sindikatuen esku bakarrik egotea «eskandalagarria da» Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko lan osasuneko idazkariaren esanetan. Gaixotasunak ezkutatzen jarraitzen dutela salatu eta amiantoak eragindako gaixotasunak ekarri zituen gogora. «Orain esaten dute amiantoarekin aurkako legerik ez zegoela erabiltzen zen garaian, eta eskuak garbitzen ditu ardura duen jendeak». Lanak eragindako gaixotasun asko arrunt bezala izendatzen direla dio CCOOk, eta datua ere eman du: gaixotasun horien jatorri profesionala onartuko balitz, Osakidetzak 106 milioi euro aurreztuko lituzke. «Zerbitzu publikoen egungo egoera ikusita, kontuan hartzeko diru kopurua da».

Hamabost urte joan dira minbiziaren inguruko dekretua onartu zenetik, eta enpresa askok oraindik legea bete gabe jarraitzen dutela salatu zuen CCOOk. «Langileen %20k minbizia eragiten duten gaiekin lan egiten dute oraindik».

Bilbon eta Iruñean batzar informatiboa egin zuen CCOOk, eta ondoren manifestazioa egin zuten bi hiriburuetan. Biharko ere mobilizazioetara deitu dute.

UGT

Hezkuntzaren garrantzia

Damaso Casado UGT Euskadiko idazkari nagusia sindikatuak Bilbon egin zuen elkarretaratzean egon zen. Han, lan osasuneko delegatuen heziketaren aldeko apustua egin zuen. «Istripuak gertatzen diren enpresen %60k ez daukate prebentzio delegaturik».

Iruñeko mobilizazioan, Maria Jose Latasa UGT Nafarroako lan osasuneko idazkariak gaixotasun profesionaletan krisiak duen eragina ekarri zuen gogora. «Krisiaren eraginez, baliteke enpresariek bigarren mailan uztea prebentziora bideratutako gastuak». Horregatik mobilizatzen jarraitzeko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.