LAN OSASUNA. Langileak amiantotik babestu ez zituen gerentea zigortu dute

Defentsak ontzat hartu du sei hilabeteko kartzela eta 1.800 euroko isuna

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Eraiste enpresa bateko kudeatzailea zigortu du Donostiako epaitegi batek, enpresako langileak amiantotik babestu ez zituelako.

Epaileak frogatutzat jo duenez, eraiste enpresak ez zuen amiantoaren aurkako neurririk hartu, 2002ko irailean Hernaniko Karabel auzoko lantegi bat bota zuenean. Amiantoa erabiltzea eta saltzea debekatuta dago 2001. urteaz geroztik Hego Euskal Herrian, biriketako eta pleurako minbizia eragiten duela frogatu delako. Produktu horren aurkako neurririk hartu ez izana, «Administrazioak eraiste lanetarako ezarritako segurtasun eta arrisku prebentziorako neurriak era nabarian haustea» izan zela ebatzi du epaileak. Hori dela eta, kudeatzaileak sei hilabeteko kartzela zigorra eta 1.800 euroko isuna jaso du. Akusatuaren defentsak ontzat hartu zituen fiskalaren irizpideak, eta onartu egin zuen zuhurtziagabetasun delitu batengatik kondenatzea. Aurrekari penalik ez zuenez, ez du espetxera joan beharko.Udazkenean, bi auzitan, Basauriko Sidenor eta Laudioko Guardian enpresak zigortu zituzten epaileek, etaamiantoarengatik hildako bi langileren senideei kalte-ordaina ematera behartu. Kasu batean zein bestean, epaileek erabaki zuten enpresek ez zituztela babestu langileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.