Lan osasuna

Lan osasunaren egunean, arlo horretan egiten ari diren murrizketak salatuko ditu ELAk

Lan osasunerako diru kopurua ia “hutsean” geratu dela salatu du sindikatuak: Hego Euskal Herriko BPGaren %0,02.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko apirilaren 22a
14:33
Entzun

“Krisi latz honen erdian lan osasunera bideratzen den diru kopurua murriztuta, agerian geratzen da arlo honetan Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kezkarik ez dutela”, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak esan duenez. Sindikatuak gaur goizean eman du aditzera Hego Euskal Herriko lan ezbeharren egoeraren inguruko txostena, eta 2012. urtean lanaren ondorioz hildako pertsonen kopuruak behera egin zuen. 66 pertsonaren heriotzak erregistratu zituen iaz ELAk, eta 2011n, berriz, 78 izan ziren. Baina jaitsiera hori ez dagokie hartzen diren neurriei, “jarduera ekonomikoaren gainbehera nabarmenari” baizik. Ildo horretan, 2008az geroztik Hegoaldean galdu diren 143.900 enpleguak —horietatik 76.000 joan den urtean bakarrik— azpimarratu ditu sindikatuaren ikerketak. “Txosten ofizial guztiek diote lan ezbeharrek behera egin dutela, baina ez da neurri berean esaten enpleguak izan duen galera izugarria”, salatu du Leire Txakartegi lan osasuneko arduradunak.

Sindikatuak bildutako datuak datu ofizialekin alderatuz gero, gainera, alde handia dago. ELAk 66 heriotza —58 EAEn eta zortzi Nafarroan— zenbatu ditu, eta Osalan Kaneko segurtasun eta osasunerako euskal erakundeak, berriz, 40; Nafarroako Osasun publikoaren eta lan osasunaren institutuak, bestetik, zazpi. Hau da, iturri ofizialek sindikatuak baino hemeretzi heriotza gutziago zenbatu dituzte; “azpierregistroko aldea %28,78koa da”. Eta zenbaketaren jaitsiera hori heriotzen kasuan gertatu baldin bada, “zentzuzkoa da pentsatzea gainerako istripuen azpierregistroa are handiagoa izatea”, txostenean bildu dutenaren arabera.

Erregistroen jaitsiera hori lanbide gaixotasunetan ere sumatu da. Hego Euskal Herrian 4.121 gaixotasun erregistratu zituen bi administrazioen artean, 2011n baino 546 gutxiago. “Datu hori deigarri samarra da, lan baldintzak batere hobetu ez direla kontuan hartuta”.

Horregatik guztiagatik, ELAk salatu du prekarietatea “goraka” doala. Egiturazko arrazoiak aipatzen ditu, baina baita administrazioak aplikatzen ari diren murrizketak ere. Hego Euskal Herrian, esaterako, lan osasuna “ia hutsean” geratu dela esan du Txakartegik, BPGaren %0,02ra ere ez baita iristen txostenaren arabera. Alde horretatik, Osalani 2013an egingo dioten %14,87ko murrizketa salatu du sindikatuak, eta gogorarazi krisia hasi denetik %40 inguru jaitsi dela erakunde horren aurrekontua.

Baina egoera ez da hor amaitzen, Espainiako Gobernua mutualitateen kudeaketari buruzko erreforma bat prestatzen ari baita. “Patronalaren eskaera historiko bati erantzungo diote horrela, langile baten osasun arazoa lan arazoa den ala ez erabakitzeko gaitasuna mutualitateei emanez”, salatu du Muñozek. Eta, horrez gain, uztailaren 7an ultraaktibitatea bertan behera geratzen denean, “lan osasuna ere kaskartu egingo da”, esan du Txakartegik. Horregatik, mobilizatzen jarraitzeko deia egin du.

Igande honetan lan osasunaren eta segurtasunaren nazioarteko eguna izango da, eta ELAk ostegunean egingo du mobilizazioa horren harira. Bilboko Esperantza frontoiko mitinaren ondoren, Confebasken egoitzaraino manifestazio bat egingo dute, “lan osasunean patronalak duen zeresana salatzeko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.