Lantokietako bizi kalitatea hobetu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, dekretu bat ari da prestatzen. Besteak beste, kontziliazioan, lan ordutegietan eta jazarpenaren aurkako neurrietan aurrerapausoak eman nahi ditu. «Bateratzeak lehiakortasun handiagoa sortzen duela barneratu behar dugu. Horren froga dira Europako herrialdeak», nabarmendu du Gemma Zabaleta Enplegu sailburuak. Elkarrizketa sozialerako mahaira eramango dute prestatutako dekretua, gero handik negoziazio kolektiboetara eraman ahal izateko.
Batez ere, emakumeen egoera aipatu du Zabaletak.Egoera ekonomikoari eta langabeziari buruzko azken datuek emakumeen jarduera tasa hobetzen ari dela diote. Hala ere, emakumeek dituztela behin-behinekotasun tasa handienak, soldata txikienak eta lan baldintza okerrenak nabarmendu du.«Helburua ez da bakarrik emakumeen laneratze tasak igotzea. Lan ingurune abegitsuagoa lortu behar dugu, horrek lehiakortasuna areagotzen lagunduko duelako»,dio Zabaletak.
Diskriminazio positiboko neurrien alde hitz egin du sailburuak. «Benetako berdintasunerantz aurrera egiteko, politika publikoak genero ikuspegia kontuan hartuta diseinatu behar dira», adierazi du. Iaz, enplegua sustatzeko bederatzi programa egon zirela indarrean gogoratu du, eta onuradun gehienak emakumeak izan zirela. Hain zuzen, 19,5 milioi euroko aurrekontua izan zuten programa horiek. 4.538 kontratu sorrarazi zituzten, horietatik 2.744 emakumeenak izan ziren, %60 hain zuzen.
Lanbide zerbitzuari esker ere diskriminazioa bizi duten emakumeei lagunduko zaiela gaineratu du. «Lanbidek langile prestatu eta espezializatuak izango ditu, programa eta zerbitzuetan generoaren ikuspegia txertatzeko».
Lan Sailak langileen bizi kalitatea hobetzeko dekretu bat egingo du
Zabaletak dio politika publikoetan genero ikuspegia kontuan hartu behar dela berdintasuna lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu