Lana, behin-behinekoa

Espainiako Gobernuak lan kontratuen prekarietatea bultzatuko du, langabezia jaistearren

jakes goikoetxea
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Enplegua bai, baina behin-behinekoa. Espainiako Gobernuak behin-behineko kontratuen alde egin du enplegua sortzeko eta langabezia zerrendak laburtzeko. Krisi garaian kontratuen baldintzak bigarren mailako kontua direla onartu zuen Valeriano Gomez Lan ministroak, kontratazioa sustatzeko dekretua aurkeztu eta gero: «Nahiago dugu behin-behineko langilea, lanik gabea baino». Espainiako Gobernuak lan merkatuaren bigarren erreforma onartu du urtebetean, behin-behineko kontratuak sustatuz, enpresaburuei erraztasunak emanez, lehen jarritako mugak kenduz, presaka eta bakarrik, beste inoren babesik gabe.

1. Ikasketa eta prestakuntza kontratua

Enpresek prestakuntzarik ez duten gazteak 30 urte bete arte eduki ahal izango dituzte ikasketa eta prestakuntza kontratuarekin, 2013 arte. Lanaldiaren %75 enpresan egingo dute eta %25 prestakuntza zentro batean. Lehen, lanaldiaren %85 egiten zuten enpresan; beraz, gutxiago kobratuko dute. Soldata lan itunaren arabera izango da, eta ezingo da lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izan. «Ez da zabor kontratua», esan zuen Gomezek.

Gutxienez urtebeteko eta gehienez biko kontratua izango da, eta urtebete gehiago luzatu ahal izango da. Kontratu mota hori egin ahalko zaie derrigorrezko bigarren hezkuntzako titulurik ez daukatenei, eta baldin badaukate, unibertsitate edo lanbide heziketa ikasketarik egin ez badute.

Berez, ikasketa eta prestakuntza kontratua 16 eta 25 urte arteko gazteentzat da, baina 25 eta 30 urte artekoetara ere zabaldu dute 2013a amaitu arte, «adin horietako gazte asko baitaude lanerako prestakuntzarik gabe».

Enpresei era guztietako erraztasunak emango dizkiete gazte horiek kontratatzeko, betiere lanpostu berriak badira: 250 langile baino gutxiago dituztenek ez diote langilearen kotizaziorik ordaindu beharko Gizarte Segurantzari; 250 langile baino gehiago dituztenek, berriz, kotizazioen %75.

Behin-behineko kontratua amaitutakoan kontratu finkoa eginez gero, hiru urtean gutxiago ordaindu beharko dute kotizazioetan: urtean 1.500 euro gizonezkoa bada, 1.800 andrazkoa bada.

2. Behin-behinekoak, mugarik gabe

Bi urtez bertan behera geratuko da behin-behineko kontratuak kateatzeko 2006ko muga. Langileen Estatutuko 15.5 artikulua: berez, langile bat 30 hilabetetik 24tan enpresa berean behin-behineko kontratuekin lanean arituz gero,enpresa behartuta dago kontratu mugagabea egitera. Aldaketarekin, aldiz, muga hori kenduko dute, eta langile horri behin-behineko kontratuak egin ahalko dizkiote beste bi urtean.

«Enpleguari eusteko» neurria dela dio gobernuak. Gomezen iritziz,krisi garaian behin-behineko kontratua finko bihurtu behar dutenean enpresek ez dute berritzen «ezin dutelako».

3. Epe luzeagoa

Luzatu egingo dute aldi baterako kontratuak kontratu mugagabea sustatzekoak bihurtzeko epea. Kontratu horiek ohiko kontratu mugagabeek baino kalte-ordain txikiagoa dute kaleratzeetan, 45 egunekoa beharrean 33 egunekoa lan egindako urte bakoitzeko.

4. 400 euroko laguntza

Sei hilabetez luzatuko dute saria amaitzen zaienentzako 400 euroko laguntza, Prepara plana deitua.

5. Fogasa

Fogasa soldatak bermatzeko funtsak kaleratzeetan 2013a amaitu arte ordainduko ditu zortzi egun lan egindako urte bakoitzarengatik, baina 2012tik, bidezko kaleratzeetan bakarrik.

Fogasak eta Lanbidek bat egingo dute sei hilabetean.

6. Kapitalizazio funtsa

2013 arte atzeratu dituzte kapitalizazio funtsa abian jartzeko urratsak.

7. Aberatsen zergarik ez

Elena Salgado Ekonomia ministroak iradoki zuen atzo zerga berri bat onar zezaketela aberatsenentzat, baina azkenean ez dute ezer onartu.

8. Erreakzioak

Espainiako Gobernuak Confebaskentzat proposatutako erraztasunak ez dira nahikoa. Behin-behineko kontratuei muga kentzearen alde egin dute,baina malgutasun handiagoa nahi dute. Ignacio Gaspar Llamazares IUko diputatuak, ordea, uste du prestakuntza kontratu berria «paradisua» dela enpresarientzat eta «infernua» gazteentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.