Lana eta familia uztartzea gaur egun «utopia baino ez» dela salatu dute

Hego Euskal Herriko emakumeen lana prekarioa dela ohartarazi dute ELA, ESK eta EILAS sindikatuek

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2007ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Lana eta familia uztartzea gaur egun «utopia» baino ez da, erakundeek hainbat neurri eta plan iragarri badituzte ere. Hala ondorioztatu dute ELA, ESK eta EILAS sindikatuek lan merkatua aztertu ostean, eta horixe bera salatu dute Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan. Sindikatuon arabera, emakumeek lana eta familia bateratzea ezinezko dute, «Administrazioak oinarrizko zerbitzu publikoak eskaintzen ez dituelako».

Bestelako ondorio batzuk ere atera dituzte. Esaterako, lan merkatuan parekidetasunetik oso urrun dagoela emakumearen egoera. Izan ere, sindikatuon esanetan, lan munduan ezegonkortasuna, soldata apalak, ezkutuko ekonomia eta azpikontratazioa emakume askoren «eguneroko kontua» dira oraindik. Halaber, emakumezkoen enpleguetan prekarietatea nagusi dela eta gizonezkoekin alderatuta desberdintasun handiak pairatzen dituztela ere nabarmendu dute. Hain zuzen, azterketa horrek utzi dituen ondorioak salatzeko agerraldia egin zuten atzo, Bilbon, Itziar Gabikagogeaskoa ELAko Emakume Saileko ordezkariak, Ana Perez EILASeko kideak eta Izaskun de la Fuente ESK-ko zuzendaritzako kideak.

Hego Euskal Herriko gizonen artean langabezi tasa %4,2 da; emakumezkoena, berriz, bikoitza: %8,8. Era berean, behin-behinekotasunak bereziki emakumezkoei kalte egiten diela azaldu zuten, gizonezkoen tasa %25 delako eta emakumeena, berriz, %34tik gorakoa. Europako Batasuneko herrialdeen datuekin alderatuta «tartean amildegia» dagoela ohartarazi zuten, %15,5ekoa baita EBn. Azken urteetako datuak baino «hobeak» izanda ere, behin-behinekotasun tasa bezalako indizeek lan merkatuan emakumeek duten lekuaren adierazle direla uste dute sindikatuek; izan ere, zerbitzu sektorean murgiltzen ari dira gehienak, horrek dakartzan baldintza prekarioekin: «Soldata txikiak, lanaldi luzeak eta seme-alaben zaintza lanarekin uztartzeko ezintasuna».

LABek ere plazaratu ditu datuak martxoaren 8aren harira: iaz egindako lan kontratu partzialen %82,8 emakumeenak izan ziren; kontratu mugagabeen %60 gizonenak izan ziren; aldi baterako kontratuen %52 emakumeenak izan ziren; eta emakumezkoen soldatak, batez beste, %36 txikiagoak izan ziren. Datuok gaur egungo enplegu politikaren ondorio direla uste du LABek, eta emakumeak baztertzen ez dituen lan harremanen eredua eraikitzeko eskatu du.

JARDUERA IKUSEZINETAN. Hezkuntzaren eremua ere aztertu dute ELA, ESK eta EILAS sindikatuek, eta hor ere emakumeek gainditu beharreko mugak badituztela esan zuen EILASeko Ana Perezek. «Txikitatik inposatutako rolek eremu pribatuan murgiltzera bultzatzen dituzte emakumeak. Horrela, etxeko lanak egin eta familia zaintzen ematen dute bizitza emakume askok, gizartean balio ekonomikorik ez duten lanetan, jarduera ikusezinetan». Nabarmendu zuenez, ehun emakumetik 34 inguruk esparru publikoan ez dute lanik eta lortzea baztertzen dute. Etxean egindako lanak sortutako aberastasuna neurtuko balitz, Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordinaren %40 eragingo lukeela azaldu zuen Izaskun de la Fuentek. Halaber, eremu pribatuan lan egiten duten emakumeek ez dutela prestaziorik gogorarazi zuten. «Emakume askok dituzten prestazio sozial bakarrak zeharkakoak dira, gizonezko bikotearekiko menpekotasunean oinarritutakoak; alargunen pentsioak, esate baterako». Horiek guztiek sortzen duten errealitatea emakumeen pobrezia dela salatu zuten sindikatuek. Jaurlaritzak egindako txostenaren arabera, emakumeen lana oinarri duten familietan gizonak buru dituztenetan baino bost aldiz handiagoa da txirotasuna.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.