Enplegua

Lana, gutxiagok gehiago, azkarrago eta merkeago

LABen iritziz, argi geratu da Nafarroako langileentzat kaltegarria dela UGTren eta CCOOren "morrontza sindikala".

Miren Garate.
2014ko martxoaren 25a
08:18
Entzun

Lan erreformak finkatutako ultraaktibitate mugaren aurrean, LABen irudiko, sindikatuek estrategia ezberdina erabili dute alde batetik Nafarroan eta, bestetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. "UGTk eta CCOOk harro adierazi zuten Nafarroako herrialdeko hitzarmen ia denak sinatu zituztela. Esaten zuten euren pragmatismoa eraginkorragoa zela LABek hartutako jarrera baino, hau da, hitzarmenak edozein preziotan sinatzeari uko egitea baino". LABen esanetan, denborak erakutsi du UGTren eta CCOOren "morrontza sindikala" kaltegarria dela Nafarroako langileentzat.

Soldatei dagokienez, 2007tik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako soldatak %0,9 igo direla adierazi du; aldiz, Nafarroakoak, %5 jaitsi. Adeccok egindako ikerketa batetik atera ditu datuak LABek. Eurostaten inkestek ere erakutsi dute Nafarroako langileek gainditu egin dutela Alemaniakoen produktibitatea. 2007tik 2012ra bitartean, %14,6 hazi zen produktibitatea Nafarroan; %4,1, berriz, Europako ekonomiarik handienean. "Hobekuntza hori lortu da lanean ari den biztaleria gutxitu delako: ia berdin ekoizten da langile askoz gutxiagorekin".

LABek gogoratu du Espainiako azken bi gobernuek erretiro adina atzeratu dutela. "Horrela bada, Nafarroan jende gutxiagok lan egiten du, ordu gehiagoan, urte gehiagoz, lan erritmo handiagoan, eta %5,1 gutxiago kobratuz".  "Justu kontrakoa" egin behar litzatekeela adierazi du. Ildo horretan, sindikatuak proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuko enpleguaren mahaian. "Proposamenak 28.189 lanpostu sortzea zekarren; alabaina, UPNk, PPk eta PSNk asmoen agiri bat onartu eta komunikabideei aurkeztu ostean, zakarrontzira bota zuten zuzenen". LABek dio aldaketa politiko eta soziala premiazkoa dela enpleguaren ikuspuntutik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.