Ekonomia

Lanaldia luzatzea eta enplegua mantentzea adostu dute Gerdaun

Akordiorako oinarriak finkatu dituzte 2013-2016 urteetako lan hitzarmenerako; sindikatuek bertan behera utzi dituzte mobilizazioak.

Miren Garate.
2013ko uztailaren 10a
12:07
Entzun

Gerdauko zuzendaritzak (Sidenor ohia) eta CCOO, UGT, USO eta CSIF sindikatuek 2013-2016 urteetako lan hitzarmenaren akordiorako oinarriak finkatu dituzte. Langileen aldeko neurrien artean, enplegua mantenduko duela agindu du enpresak; langileak, berriz, egun gehiagoan lan egiteko prest agertu dira. Gerdauk Basaurin eta Gasteizen ditu lantegiak, eta maiatzaz geroztik mobilizazioak egiten ari ziren beharginak. Sindikatuek bertan behera utzi dituzte protestak.

USOk jakinarazi duenez, adostutakoaren arabera 2018. urtea amaitzerako 61 urte betetzen dituzten langileei erretiro partziala ematen joango da enpresa, eta haien ordez 530 errelebo kontratu egingo ditu —horietatik erdiek kontratu mugagabea izango dute—. Geratuta dauzkan inbertsioei berriro ekiteko konpromisoa ere hartu du zuzendaritzak, eta industria plan bat egingo du enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Langileei dagokie orain adostutakoari oniritzia ematea. Enpresak ituna ez betetzeko klausula aplikatu nahi zuen, baina USOk jakinarazi du adostutakoa berresten badute ez duela halakorik egingo.

Badira, ordea, lan baldintzak okertzea eragingo duten neurriak ere. Lanaldiari dagokionez, aurten mantendu egingo da, baina datorren urtean egun bat gehiagoan lan egitea onartu dute sindikatuek; 2015ean bi egun gehiagoan, eta 2016an, lau egun gehiagoan. Urteko lehen gaixoaldia orain arte bezala ordainduko da, baina bigarrenetik aurrera langileek ez dute kobratuko enpresak ematen duen osagarria. Antzinatasun faktorea orain arte bezala mantenduko da.

Soldatari dagokionez, 2.000 euroko igoera izango da hitzarmenak irauten duen bitartean: 500 euro gehiago kobratuko dituzte datorren urtean eta 2015ean, eta 1.000 euro gehiago 2016an. %5 aldakorra izango da, eta absentismoari, segurtasunari eta produktibitateari begira jarritako helburuak betetzen badira ordainduko ditu enpresak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.