Lanbide enplegu zerbitzuaren izaera juridikoa aldatzeko bidean jarri du Eusko Legebiltzarrak. Alderdi gehienak ados daude, eta Lanbide erakunde autonomoa izatea nahiago dute. Eusko Jaurlaritzak zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa jarri zuen martxan zerbitzua, Confebask patronalaren eta UGT eta CCOO sindikatuen oniritziarekin.
Erabaki horrek hasieratik piztu zuen polemika. Izan ere, zuzenbide pribatuko erakunde baten bidez Legebiltzarraren kontrolari ihes egitea egotzi zion oposizioak Lopezen gobernuari. Erakunde autonomoen kasuan, eskumen gehiago ditu ganberak, hala aurrekontuak finkatzeko nola informazioa eskatzeko.
Lan eta Gizarte Segurantzako Sailak zuzenbide pribatukoa izatea defendatu izan du. Izaera horri esker «arinagoa, malguagoa» izango zela ziurtatu zuen, eta Osakidetzak formula hori erabiltzen duela jarri zuen adibide gisa. Legebiltzarrean ematen ari diren pausoak ikusita, gehiengoak erabakitzen duen jarrera errespetatuko duela eta Lanbideko egiturak egokituko dituela jakinarazi zuen atzo Jaurlaritzak, prentsa ohar baten bidez.
Kooperatibetako kiderik ez
Aldaketa PPk proposatu zuen lege proposamen batetik abiatu zen. Gehiengoak aintzat hartzea erabaki eta gero, legea finkatzeko lan taldearen eskuetan egon da zuzenketak erabakitzea. Lan taldeak atzo bozkatu zituen zuzenketa horiek. Aldaketa egiten bada, Lanbideren izaera juridikoa Emakunde, HABE, Eustat edo Osalanen pare geratuko da.
Beste proposamen batzuk bidean geratu dira; esaterako, kooperatibek Lanbideko kontseiluan egotea baztertu du lan taldeak, «arazo juridikoak» argudiatuta.
Lanbide erakunde autonomoa izateko bidean jarri dute
Izaera juridikoa aldatu nahi dio Legebiltzarreko gehiengoak, eta Lan Sailak egitura egokituko duela iragarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu