EAJk azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat lortu du bizitzeko gutxieneko diru sarreraren transferentzia. Espainiako Gobernuak datorren ostiraleko ministroen kontseiluan onartuko du.
Diru sarrera hori bateragarria izango da gaur egun Hego Euskal Herrian banatzen diren gutxieneko errentekin: DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta errenta bermatuarekin Nafarroan. Espainiako Gobernuak onartuko dituen diru sarrerak, oro har, txikiagoak dira hemen dagoeneko ematen direnekin. Hortaz, Gasteizko eta Iruñeko gobernuen asmoa da osatzea Espainiak Gizarte Segurantzaren bitartez pagatuko duena.
1989an sortu zuen Eusko Legebiltzarrak DSBEaren aurrekaria, gizarteratzeko gutxieneko errenta, beste diru sarrerarik ez zuten herritarrei gutxieneko errenta bat bermatzeko. Atzeraldi Handiak gogor jo zuen, eta 2015eko maiatzean 66.373 lagunek jaso zuten; baina azken urteetan kopurua jaitsi da, eta 2019 amaieran 52.455 ziren. Koronabirusaren krisiak, ordea, beharrak handitu ditu, eta apirilean 53.274 ziren, martxoan baino 883 gehiago.
1999an sortu zuen Nafarroak gizarteratzeko errenta, baina aurretik ere eman zituen laguntza batzuk besterik ez zutenei. Uxue Barkosen gobernuak 2016an bultzatutako azken erreformaren ondoren, errenta bermatua du izena, eta ia 16.000 lagun ari ziren jasotzen 2019 amaieran.