EKONOMIA

Lanbidek lan orientazio pertsonalizatua eskainiko du

Langabetuei diru laguntza sistematik ateratzen laguntzeko helburuarekin, diru-sarrerak bermatzeko plana aurkeztu dute, eta bereziki, errenta jasotzen dutenentzako dago zuzenduta. 

2012ko maiatzaren 3a
14:47
Entzun

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak diru-sarrerak bermatzeko lanbide-orientaziorako plana aurkeztu du gaur eta lan-aukerak hobetu nahi dituzten 92.479 langabeturi banakako arreta pertsonalizatua eskainiko die. Bereziki, errenta jasotzen dutenentzako dago zuzenduta plana.

Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak azaldu du helburua langabetuak diru laguntza sistematik ateratzen laguntzea dela, diru iturri bat aurkitu dutelako. Euskal Enplegu Zerbitzuko langile espezializatuek lan-aukeren diagnostikoa eta horiek hobetzeko ekintzen ibilbide pertsonalizatua egingo dute eskatzailearekin batera, lan-merkatura sartzeko benetako aukerak izan ditzan.

Orientazio pertsonalizatua hiru urratsetan oinarritzen da: enplegu-eskaera inskribatzea, lan-aukeren diagnostikoa —gaitasunen azterketa, ibilbidea, prestakuntza, eskatzailearen lan-motibazioa—, eta laneratzeko ibilbide bat zehaztea —eskatzaile bakoitzarentzat orientatzaileak ezarritako ekintzen multzoa, lan profilean dituen gabeziak hobetzeko beharrezkoa—. Eskatzaile batzuentzat nahikoa da lan-aukeren diagnostiko bat egitea, eta beste batzuek, berriz, enplegua bilatzeko tailer bat edo prestakuntza ikastaro bat behar dute. Entitate espezializatu baten laguntza ere eskaintzen da, laneratzeko zailtasun bereziak dituztenean.

Javier Ruiz Lan, Formakuntza eta Gizarteratze sailburuordeak adierazi du urteko bigarren hiruhilekoan Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten 43.000 langabe inguru baliatuko direla Lanbideren zerbitzu berriaz. Plana urte hasieran jarri zen martxan eta lehen hiruhilekoan 6.804 lagun aholkatu dituzte jada. Jaurlaritzak uste du urte amaierarako errenta jasotzen dutenen %79a artatuta izango dutela. 

Planak arreta berezia jartzen du zailtasun gehien dituzten kolektiboetan: hezkuntza maila gutxiko gazteak, langabezian denbora luzea daramaten pertsonak, giltzapetuak eta elbarriak.  

Lanbidek 18 milioi euro bideratuko ditu zerbitzu horretara. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.