ELA, LAB eta CCOOk deitu dute gaurko greba, Eusko Jaurlaritzak lan baldintzetan egin nahi dituen aldaketak salatzeko. Erantzuna %70 eta %80 artekoa izan dela ziurtatu dute sindikatu deitzaileek. Hirugarren protesta eguna da, eta aurrekoek ere langile gehienen babesa jaso zutela nabarmendu dute sindikatuek. Guztira 900 lagun enplegatzen ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enplegu zerbitzuak.
Deitzaileen esanetan, Eusko Jaurlaritzak egin duen proposamena dagoen bezala onartuz gero oraingo lantaldeko berrehunen bat langilek galduko dute euren lanpostua, beste asko leku-aldatu beharko dira derrigorrez eta langile gehienentzat lan baldintzak okertuko dira. "Zirriborro hori ezin da abiapuntutzat hartu, dituen edukiak ez direlako onargarriak", esan dute agiri baten bidez. Aurreko protestak ELAk eta LABek deitu zituzten, baina gaurkoan batu egin zaie CCOO ere.
Sindikatuek negoziatzeko deia egin diote Eusko Jaurlaritzari, eta espero dute aste honetan lortuko dutela mahai inguruan berriro eseritzea. Datorren ostiralerako beste protesta egun batera deituta daude Lanbideko langileak.