ELAk eta LABek lanuzteetara deitu dituzte Lanbideko langileak, Eusko Jaurlaritzak egin dien proposamena onartezina dela salatzeko. Sindikatu horiek gogorarazi dutenez, badira hiru urte Eusko Jaurlaritzak enplegurako politika aktiboak jaso eta Lanbide oraingo betebeharrekin eratu zenetik. Hiru urte behar izan ditu Jaurlaritzak Lanbideren lanpostuen zerrendarako proposamen bat egiteko, baina orain jasotakoa oso begi txarrez ikusi dute. "Proposamena dagoen bezala onartuz gero, oraingo plantillako 200 bat langilek galduko dute beren lanpostua, beste asko lekualdatu beharko dira derrigorrez, langile gehienentzat lan-baldintzak okertuko dira, eta finkatzen duen plantilla hori argi eta garbi urriegia izango da. Horregatik exijitzen dugu proposamen hori erretiratzeko, eta negoziazioa hasieratik hasteko; aurkeztu diguten zirriborroa ezin da abiapuntutzat hartu".
ELAren eta LABen arabera, Jaurlaritzak finkatu nahi duen lanpostuen zerrendak postu-kopuru urriegia du herritarrei zerbitzu egokia eskaini ahal izateko. 200 langile geratuko lirateke kalean beren kontratuak bukatutakoan. Gainera, enplegu zerbitzuan geratuko diren langile gehienei soldata jaitsiko dietela ziurtatu dute sindikatuek, eta beste asko lekualdatu beharko dituztela.
Hori horrela, gaur elkarretaratzeak egingo dituzte lantoki guztietan. Azaroaren 4an ordubeteko lanuztea egingo dute, eta azaroaren 11n, berriz, egun osoko greba.
Presio-neurriak areagotu behar izatea ez dute baztertu ELAk eta LABek," gobernuak ez badu aldatzen bere ikusmoldea, eta langileen batzarrak hala erabakitzen badu".