Laster urtebete egingo du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak politika aktiboak kudeatzeko eskumena jaso zuela. Urtemuga esanguratsua izango da, gainera, urtarriletik aurrera diru sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeari ekingo baitio. Atzo, aldaketa hori ekarriko duen moldaketa legegilea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Gizarte laguntzak eta lanpostua lotzeko politikan aitzindari izateaz harro dago Jaurlaritza. Haatik, Lanbidek egun duen antolakuntza eta egoerari buruzko ezinegona handituz doa sindikatuen eta langileen artean.
«Lanbideren egoera oso kezkagarria da», dio ELA sindikatuak Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuari egoerari buruz igorri dion gutun gogorraren lehen lerroak. «Iruditzen zaigu zuzendaritza ez dela gai, edo ez duela arazo guztiak bideratzeko inolako borondaterik». ELAren ustez, eginkizunak banatzeko koordinazioa falta da, inprobisazioa eguneroko ogia da, eta jarraitu beharreko prozedurak ez daude behar bezala finkatuta. Ikuspuntu horrekin bat dator LAB.
Politika aktiboen eskumena jaso bezain pronto, zerbitzua egituratzen hasi zen Enplegu Saila. Zabaletaren departamentuak zuzenbide pribatuko erakunde publikoa izatea nahi zuen, baina legebiltzarreko gehiengoak ez zuen bide hori onartu, eta orain dela gutxi Lanbide erakunde autonomiaduna izatea onartu zuen. Hots, orain arte egindakoa berriro aztertu eta izaera juridikoa aldatu behar du Lanbidek.
Egiturari buruzko zehazgabetasunak sindikatuen kexa nagusietako bat eragin du: ez da zerbitzuak izan behar duen lanpostuen zerrenda ofizialik. Egitura zehatzik gabe, zuzendaritzak langileen kontratazioa eta lekualdaketak nahierara egin ditu, kontrolik gabe. Bulegoetan hainbat eskalatako administratzaileak eta laguntzaileak nahasten dira, eta irizpideak ez dira argitu. Langile askoren kontratuak muga eguna dute —2012ko maiatza edo ekaina—, eta ondoren zer gertatuko zaien ez dago garbi
Hasiera batean, erakunde autonomoa izateak kontratatzeko orduan erabili beharreko irizpideak zorroztuko lituzke. Edonola ere, aurrera begira aldaketa horrek egungo langileen baldintza eta egoeran eta etorkizuneko kontratatuengan nola eragingo duen ez zaie jakinarazi sindikatuei.
Legezko aldaketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen egunaren bezperan 125 bulegari kontratatzea erabaki zuen Lanbidek. Sei hilabeterako kontratua egin zitzaien, 2012. urteko maiatzera arte, eta haien eginkizuna izango da diru sarrerak bermatzeko errenta kudeatzea.
Lanbideko bulegoak ez dira egokitu langile horiek eta orientatzaile gehiago jasotzeko. Ia hilabete bat igaro da lanean hasi zirela, baina ez dute kokapen finkorik, ez lan egiteko banakako tresnarik. «Sinestezina da gurea bezalako lanpostu batean leku finko eta ekipamendu finkorik ez izatea, mahaia partekatu behar izatea edota bazkaltzera doan lankidea okupatu behar izatea», dio LAB sindikatuak afiliatuen artean banatu duen salaketan.
Langile berriekin egin beharrekoei buruz informazio falta handia egon dela salatu dute sindikatuek. Bulegoetako arduradunek ez zekiten zenbat pertsona berri izango zituzten, eta non, nola eta zertarako egin behar zuten lan. Egoera surrealistak gertatu dira: lehenbiziko egunak ezer egin gabe zazpi ordu gela batean eserita igaro dituzte administratzaile berri gehienek.
Azaroaren 15etik aurrera bulegoak arratsaldez irekitzea erabaki zuen Lanbidek. Erabaki horrek baldintzak okertu ditu, toki askotan goizeko eta arratsaldeko txandetako langileen ordutegiak bat egin dutelako zenbait orduz, eta ez dago denentzako lekurik. ELAren arabera, arratsaldeko txanda horrek ez du araudian oinarririk, eta bertan behera uzteko eskatu dio Enplegu Sailari.
Errentaren esperoan
Eusko Legebiltzarrean egindako lege aldaketen tramitazioak egutegia nabarmen estutu du. Bost aste barru diru sarrerak bermatzeko errenta onartu eta banatzeko ardura izango dute Lanbideko bulegoek. Hots, orain arte bi zeregin zituzten bulegoetan —enplegu orientazioa eta langabezia sariaren kudeaketa—, eta orain beste bat izango dute: 55.000 onuradun dituzten gizarte laguntzak banatzea. Eskumen berria izateak beharginen eguneroko jardunean izango duen eraginari buruz ezer gutxi dakite sindikatuek.
Gaur-gaurkoz, diru sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeaz arduratu beharko diren langileek horri buruzko ikastaro labur bakarra jaso dute. Sistema prestatzeko, martxan jartzeko eta langileak trebatzeko ardura Madrilgo Indra Sistemas enpresak du. Gizarte laguntzak nori eman behar zaizkion kontrolatzeko tresna informatiko indartsua ezartzea da Indraren eginkizun nagusia.
Lanbidek eskaintza publikoa ireki zuen gizarte laguntzen jarraipena eta kontrola egingo zuen sistema aukeratzeko. Hiru enpresa aurkeztu ziren, eta, azkenean, Indra aukeratu zuen, hiruretatik garestiena zen arren (3,1 milioi euro). Besteak beste, Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoen egitura berritzeko eta Redtrabaja sistema abiatzeko ardura Indraren esku dago.
Langileak, «gogaituta»
LABen ustez, egungo egoera kezka handiz bizi dute Lanbiden ari diren langileek. «Lanaren helburuak ez daude garbi, ez dago informaziorik lanpostuen zerrendari, aldi baterakotasunari edo lekualdaketei buruz, egunero erakundetik jaurtitzen duten propaganda izan ezik». Esperientzia handia duten arren, langile asko egoerarekin «gogaituta» ikusten ditu sindikatuak.
ELAk ere antzeko ondorio ezkorrak atera ditu: «Ematen ari garen zerbitzua benetan eskasa da. Lan giroa, kontratazioa edo pertsonen arteko harremanak egunetik egunera hondatzen ari dira».
Lanbideren ajeak
Euskal Enplegu Zerbitzuaren antolakuntzari buruzko kezka eta ezinegona zabaldu da sindikatuen eta langileen arteanBost aste barru diru sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeari ekin beharko dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu