Laneko segurtasunaren arloan urte gogorra izan zen 2017a. Osalanek joan den urteko datuen txostena aurkeztu du, gaur goizean, Barakaldon (Bizkaia) duen egoitzan, eta baieztapen hori indartzen dute zenbakiek. 25 langile hil ziren lanean ari ziren bitartean; 2016an 34 izan ziren, %26 gutxiago, baina hori izan daiteke beheranzko joera erakutsi duen joera bakarra, istripuak oro har %5,5 hazi zirelako. Eta, istripu larrien kasuan, %12koa izan zen gorakada hori. Sektore artean, gainera, laneko istripuen intzidentzia maila handiena eraikuntzak dauka, 1.000 langileko %85,73k istripuren bat eduki baitute. Kopuru hori, gainera, %6,6 handitu da 2016tik.
Behin-behinekotasunak ere eragina izan du istripuen artean, iaz izan ziren laneko istripuen ia %23 lanean hasi eta sei hilabete baino lehen izan zituelako beharginak. Hori kontuan hartuta, Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiak dei egin du behargin hasiberriekin formazio lan sakona egin behar dela eskatuz.
Bestalde, erregistratutako laneko gaixotasunek gora egin dute. 3.080 kasu jakinarazi ziren 2017an, eta horietatik 2.800 hartu ziren laneko gaixotasun gisa. Gero eta gaixotasun gehiago erregistratzen direla nabarmendu nahi izan du Alonsok.