ELA,CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren harira elkarretaratzeak egin dituzte gaur Hego Euskal Herriko hainbat hiritan. Guztiek azaldu dute Espainiako lan erreformaren eta murrizketen ondorioz lan arloko segurtasun eta osasun baldintzak okerrera egingo dutela.
Horrez gain, lau sindikatuek salatu dute gaixo agiriak pilatzeak kaleratzea eragin dezakeenez, langileak gaixo joango direla lanera, eta horrek "osasunerako arriskua dakarrela harentzat eta haren lankideentzat".
Gasteizen ELAk egin duen agerraldian Adolfo Muñoz idazkari nagusiak kritikatu du lan eta gizarte arloan "atzerapenak" ematen ari direla, eta ohartarazi du PSOEk ezin duela maiatzaren 1eko manifestazioetara joan, "gertatzen ari denaren ardura duelako".
CCOOk Bilbon biltzarra egin du ordezkariekin, eta manifestazioa egin dute ondoren. Unai Sordo idazkari nagusiak azpimarratu du "arrunt gisa hartzen diren hainbat gaixotasunaren jatorria ezkutatu" egiten dela.
LAB sindikatuko zenbait ordezkari Bilbon bildu dira, Confebask patronalaren egoitzaren aurrean, eta ondoren Diego Lopez de Haro kale nagusitik igaro dira.
Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak azken hilabeteetan lan istripuen ondorioz hil direnak gogoan izan ditu. Horrekin batera, azaldu du krisiaren eraginez "jarduera asko jaitsi" egin dela, baina aldi berean lan istripuen kopuruak ez duela behera egin.
UGTko ordezkariak ere Bilbon bildu dira, Plaza Eliptikoan. Damaso Casado idazkari nagusiak gogorarazi du urteko lehen hiruhilekoan 16 lagun hil direla lan istripuen ondorioz, iazko datu bera dela, "aurten lanean askoz jende gutxiago badago ere".