Ideia argiak dituen gizona da Chema Berro CGT sindikatuko kidea (Erronkari, 1949). Langabeziari aurre egiteko lana partekatzea ezinbestekoa dela irizten dio. Hala, duela urte eta erdi, Osasunbidean duen lanaldia murriztea erabaki zuen, berak betetzen ez zituen ordu horiek beste pertsona batek bete zitzan. Erabaki hori dela eta, zigor espedientea abiatu du haren aurka Osasunbideak. Hala ere, argi utzi du Berrok ez dela jaso dezakeen zigorraren beldur.
Azken egunetan oso ezaguna izan da zure kasua.
Oihartzun gehiegi ere izan duelakoan nago. Nire ustez, taldeak garrantzi handiagoa dauka norbanakoak baino. Horrez gain, argi utzi nahi dut ez naizela munduko pertsonarik onena. Ni lana partekatzearen alde nago, eta koherente izan naiz nire pentsamenduarekin. Horrez gain, asko interesatzen zait nire iritzien kontra egiten dutenei aurre egitea. Sistemari aurre egin nahi diot, krisi egoera honen erantzule nagusi direlako sistema neoliberaleko sustatzaileak.
Duela urte eta erdi, lanaldia murriztea erabaki zenuen. Zer dela-eta hartu zenuen erabaki hori?
Iruditzen zait ez dagoela beste irtenbiderik langabezia tasa murrizteko. Dagoen lana banatu egin behar da. Inolaz ere ezin gara ekonomia hazi zain egon. Gainera, nire ustez, ekonomia ez da haziko. Ezinbestekoa da langabezia bezalako arazo larri bati irtenbidea ahalik eta azkarren aurkitzea. Langabe bati ezin zaio inolaz ere esan hemendik hamar urtera hasiko dela berriz ere lanean.
Lana banatzearen alde dauden hainbat kolektibotako kide zara.
Krisi ekonomikoa hasi zenetik, lana banatzea defendatzen duten zenbait kolektibotan parte hartzea erabaki nuen, tartean Eman Buelta eta Banatu taldeak. Oso agerikoa da gehiegi ekoizten eta kontsumitzen dugula. Gutxiagorekin hobeto bizitzen saiatu behar dugu. Apurka-apurka langabezia handitzen ari zenez, erabaki nuen nire soldata %20 murriztuta ere ondo bizi nintekeela. Ez da bereziki gustatzen zaidan irtenbidea, baina neure kabuz egin dezakedan gauza bakarra da.
Zuretzat talde izaera da garrantzitsuena. Zure erabaki bera hartu duen beste langilerik ezagutzen duzu Osasunbidean?
Lagun asko dago lanaldia murrizten duena, familia kontziliazioa dela-eta esaterako. Horrek ere laguntzen du lana partekatzen. Nirearen antzeko erabakia lagun gutxik hartu dutela iruditzen zait. Lanorduak gehitzeko eskatu zigutenean, argi eta garbi esan nuen ni horren aurka nengoela.
Zer iruditzen zaizu administrazio publikoa egiten ari den kudeaketa?
Osasunbideko kudeatzaileek eta funtzio publikokoek, oro har, enpresa pribatuetako kudeatzaileek bezala funtzionatzen dutela iruditzen zait. Zentzu guztietan, gainera. Haientzat merkeagoa da jendea botatzea, eta hori eremu publikoan ezin da defendatu.
Behin baino gehiagotan esan izan duzu langabezia murrizteko ez dela behar bezainbeste egiten.
Horrela da. Sistemari langabezia tasa altua izatea interesatzen zaio. Horren bitartez, atzera egin daiteke lan eta soldata baldintzetan. Langabezia tasa altua denean orain arte izan diren baldintzak defendatzea. Lanik gabe dagoen lagun batek edozein lanpostu hartuko luke ia edozein baldintzatan. Ondorioz, negoziazio kolektiboen baldintzak nabarmen ari dira okertzen.
Zigor espedientea jarri dute abian zure aurka. Lana galtzeko arriskuak beldurtzen zaitu?
Egia esan, ez askorik, jadanik zaharra naizelako. Bigarren seihilekoan hemezortzi ordu gehiago sartzea nahi dute, baina helburu argirik gabe. Horren aurka nagoenez, huts larritzat jotzen dute, eta ondorioak askotarikoak izan daitezke. Argi diot lanordu kopurua handitzearen guztiz kontra nagoela; sindikalista bezala, alor horretan kontzientzia eragozle gisa definitzen dut neure burua.