Zenbat langabe daude Hego Euskal Herrian? galderak ez du tranparik, eta XXI. mendeko gizarte hiperinformatuan erantzuteko erraza beharko luke izan. Baina ez da horrela. Esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langabeziaren fenomenoa aztertzen duten aldizkako hiru neurgailu daude, eta bi Nafarroan. Eta, noski, emaitzetan ez datoz bat.
Izaerak bereizten ditu batzuk eta besteak. INEMek, hain zuzen ere, bere bulegoetan izen eta abizenekin erroldaturik dauden pertsonen zerrenda du. Iturri hori litzateke fidagarriena, baina baditu ñabardurak ere. Esaterako, erretiro aurreratua hartutakoak langabe gisa agertzen dira. Kontrako aldean, ikastaro batean daudenak edo erregulazioen ondorioz kontratua etenik dutenak ez dira agertzen.
Baina langabeziaren fenomenoa aztertzeko enplegu zerbitzuetatik at badira bi tresna, biak estatistikak, hiruhilean behin ateratzen direnak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Populazioa Jardueraren Arabera izeneko azterketa egiten du Eustatek. Nafarroak, aldiz, ez du azterketa propiorik. Bestalde, Espainiako Estatistika Erakundeak, INEk, Populazio Aktiboaren Inkesta kaleratu ohi du, eta Hegoaldeko datuak ematen ditu, Espainiakoekin batera.
Metodologiari dagokionez, aztertzen duten unibertsoaren zabalera da alde nabarmen bakarra. Eustatek EAEko 5.088 etxetan egiten du inkesta, eta INEk soilik 3.510etan.
Gainerakoan, biek jarraitzen dituzte Eustatek langabezia aztertzeko jarritako irizpideak, baina, horra hor ezustea, kopurua zeharo ezberdinak dira batean eta bestean, eta aldea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hala, Eustaten arabera, 2008ko azken hiruhilekoan 46.400 langabe zeuden, eta INEk atzo kopuru horren ia halako bi eman zuen: 88.600.
Eustaten onartu dute emaitzak misterio bat direla, ez dakitela nola den posible hainbesteko ezberdintasun egotea. Ereduen arteko ezberdintasun txikiek ez omen dute halako ezberdintasun handia azaltzeko balio.
Krisiaren harira, neurgailu baten edo bestearen erabilerak - askotan interesatua - zalaparta politikoa piztu du. Jaurlaritzak, oro har, Eustatena onetsi izan du, langabe kopuru gutxien aitortzen diona. Dena den, datu zehatza baino gehiago inkestek joerak ikusteko erabili behar direla onartu du.
Langabea izan (edo ez) inkestaren arabera
Erabiltzen den iturriaren arabera, langabeei buruzko interpretazioak zeharo ezberdinak dira; hain zuzen ere, Eustatek EAEn 46.400 langabe zenbatu ditu, eta INEk, aldiz, halako bi direla argitaratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu