Langabeak ez ezik, langileak ere gutxitu egin dira, INEren arabera

Biztanleria aktiboaren inkestak dio lehendabiziko hiruhilekoan baino 3.000 langabe gutxiago daudela HegoaldeanAzken hiru hilabeteetan 9.000 lanpostu galdu dira; azken urtean, berriz, 22.800

Donostia
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Apiriletik ekainera langabeen kopurua gutxitu egin da Hego Euskal Herrian. INE Espainiako Estatistika Erakundearen arabera, lehen hiruhilekoan baino 3.000 lagun gutxiago daude beharrik gabe. Datua txukuna da lehendabiziko hiruhilekokoarekin alderatuta, orduan, azken bi urteetako igoerarik handiena izan baitzuen langabeen zenbatekoak: abenduan baino 14.600 langabe gehiago zeuden martxoan.

Baina, langabeak ez ezik, lanean ari direnak ere gutxitu egin dira aurtengo bigarren hiruhilekoan. INEren biztanleria aktiboaren inkestaren emaitzek diote ekainaren bukaeran martxoan baino 9.000 lagun gutxiago ari zirela lanean; iazko ekainaz geroztik, berriz, 22.800 lanpostu galdu dira. Hala, gaur egun 1.200.200 biztanle okupatu daude Hego Euskal Herrian, iazko urtearen hasieratik egon den gutxien.

Oraingoan ere, INEren datuek zerikusi gutxi dute iragan astean Eustatek kaleratu zituenekin. Euskal estatistikaerakundearen esanetan, apiriletik ekainera handitu egin da lanean ari direnen eta lanik ez dutenen kopurua; justu INEk esandakoaren kontrakoa. Eustaten esanetan, lehen hiruhilekoan baino 3.200 lagun gehiago ari dira lanean, eta 1.800 gehiago daude lanik gabe.

Langabeziaren jaitsierak ez die berdin eragin gizon eta emakumeei. INEk emandako datuen arabera, lehen hiruhilekoan baino 4.100 gizon gutxiago daude lanik gabe; aldiz, 1.100 emakume langabe gehiago daude. Hala, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %11,9koa da, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat txikiagoa. Gazteen artean, berriz, askoz handiagoa datasa, lan egiteko sasoian dauden hiru gaztetatik batek ez baitu lanik.

Sindikatuak, kezkatuta

Kontratu motei dagokienez, lanean ari direnen %23k aldi baterako kontratuak dituzte, eta duela urtebete baino 35.000 lagun gutxiagok dituzte mugagabeko kontratuak.

Langabeak gutxitzea berri ona izanagatik, INEk emandako datuen inguruan sindikatuek egin dituzten balioespenak ez dira izan oso itxaropentsuak. Okupatuak gutxitu direlako eta aldi baterakotasunak hazten jarraitu duelako, kezkatuta azaldu dira LAB eta CCOO sindikatuak. «Urtebete da PSOEk dekretu bidez lan merkatuaren erreforma egitea erabaki zuela. Erreforma hark bi helburu zituen: enplegua sortzea eta aldi baterakotasuna gutxitzea. Gaur ziurta dezakegu helburuetako bat bera ere ez duela bete», adierazi du LABek prentsa ohar bidez. Espainiako Gobernuari ez ezik, Eusko Jaurlaritzari ere egin dio kritikarik. Izan ere, urtearen hasieran Lanbide euskal enplegu zerbitzu publikoa martxan jarri zuenean egindako promesak haizeak eraman dituela uste du sindikatuak. «Enplegu politika aktiboen eskumena lortzea eta harekin batera zetorren 785 milioi euroko aurrekontua kudeatzeko aukera izatea gertakari historikotzat jo zuten. Euskal Autonomia Erkidegoko lan merkatuaren bilakaerak, ordea, ez du orduko hanpatasunekin zerikusirik».

CCOOren irudiko, INEk kaleratutako datuek itxaropenik gabeko etorkizun prekario bat iragartzen dute. «Enplegua galtzeaz gain, lanpostu finkoak aldi baterakoengatik aldatzen ari gara». Hori hala, epe motzerako etekinak zertxobait gutxitu eta «krisitik lehenbailehen irteteko estrategia gisa» enpleguan inbertitzeko eskatu die enpresaburuei.

Balioespen baikorragoa egin dute Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak etaAlvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Ekonomia sailburuak, INEk kaleratutako datuak «onak» direla esanda. Hala ere, krisia erabat gainditzeko lanean jarraitu beharra dagoela esan dute biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.