Langabeak kontrolatzeko ardura izango du Lanbidek

Langabezia saria jasotzen duen pertsona batek lanpostu bati uko eginez gero, zigortzeko prozesua abiatuko du

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Langabezia saria kobratzen duten langabeak kontrolatzeko, eta, hala dagokionean, zigorrak eskatzeko ardura bere gain hartuko du Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzu berrituak. Hasiera batean, langabezia saria banatzeko eskumenak Espainiako Gobernuaren eskuetan jarraituko du, baina laneratzeko eskaintzak Lanbideren bidez egingo direnez, erakunde horrek izango du eskumena lanpostuak eskaini eta onartzen ez direnerako legeak agintzen dituen zigorrak jartzeko prozedurak abiatzeko.

Lanbidek, era berean, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta -oinarrizko errenta ohia- jasotzen duten pertsonen jarraipena eta kontrola egingo du. Kasu horretan, onuradun batek eskaintzen zaion prestakuntzari edo lanpostuari uko eginez gero, laguntza kenduko zaio, «pisuzko arrazoirik ez badu», Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Ekintzako sailburuaren hitzetan.

Badira salbuespenak. Gaur egun, 53.000 elkarbizitza unitatek jasotzen dute errenta. Horietatik %36 pentsiodunak dira. Gainerakoen artean erdiak laneko ordaina eta errenta partekatzen ditu, eta beste erdiak errenta jasotzen du soilik. Hasiera batean, errenta soilik eskuratzen dutenek lanerako konpromisoa hartu beharko dute Lanbiden, eta aktibatzeko eskaintzen zaizkien tresnak-ikastaroak eta abar - nahiz lanak onartu beharko dituzte.

Laguntzaren truke laneratzeko konpromisoa hartu behar izatea oinarrizko errenta sortu zenetik zegoen legean, baina ez da gehiegi garatu, besteak beste, administrazioen artean zegoen eskumen banaketaren ondorioz. Orain arte, gizarte zerbitzuetan eskatu behar zen errenta, aldundiek eman edo ez erabaki behar zuten, eta Jaurlaritzak ordaintzen zuen. Urtarriletik aurrera Lanbideko bulegoetan egingo dira tramite guztiak.

Bi urtean, 44 bulego

Eusko Jaurlaritzak enplegu politika aktiboen eskumena jaso ondoren, Lanbide zerbitzua hedatzeko bi urteko plangintza hasi da. Lanbidek egoitza zentral bat izango du, baina ez du lurralde ordezkaritzarik izango. Horren ordez, bulego sare bat martxan jarriko da. Gaur egun, Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoen eskuetan zeuden 31 bulego jasoko ditu, eta horri Lanbidek honezkero zabalik dituen bederatzi egoitzak gehitu behar zaizkio. Horietatik aparte, gutxienez beste lau zabalduko dira, horietatik hiru hiriburuetan, gune populatuenen arreta indartzeko asmoz.

Hasiera batean, 575 langile izango ditu Euskal Enplegu Zerbitzuak, horietatik 475 Espainiako zerbitzuetatik eskualdatu zaizkio, eta urtarrilean hasiko da horien trebakuntza. Haatik, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketan langile gehiago eskatuko dituela espero du Jaurlaritzak. Lehen aurreikuspenek beste 175 pertsona beharko dituztela diote.

Banan banako arreta «funtsezkoa» izango dela berretsi zuen Zabaletak, eta horretarako langabe bakoitzeko orientatzaile kopurua Europako batez bestekoetara hurbildu nahi du. Gaur egun, 200 langabetik gora dira, eta 80 baino gutxiagora jaitsi nahi dute. Lanbideren lehentasunetako bat gazteen egoera izango da, eta horiek laneratzeko plan berezia egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.