Beharrik gabe daudenen kopurua lau herrialdeetan txikitu da ekainean. Jaitsierarik handiena Araban izan du, %3,1ekoa; egun 19.259 langabe daude herrialde horretan eta %12koa da tasa. Gipuzkoan, %2,9 txikitu da langabeen zenbatekoa; egun 37.814 lagunek dute langabezia zerrendetan izena emanda eta %10,81ekoa da tasa. Bizkaian, berriz, 69.292 lagun daude lanik gabe, maiatzean baino %2,2 gutxiago eta %13,03koa da langabezia tasa. Azkenik, Nafarroan, %1,9 txikitu da langabeen kopurua; 40.917 lagun daude langabezia zerrendetan izena emanda, eta %13,35eko da tasa.
Jarduera sektoreei dagokienez, guztietan jaitsi da langabeen kopurua, nekazaritzan izan ezik. Garai honetan ohikoa den bezala, zerbitzuetan murriztu da gehien beharrik gabe daudenen zenbatekoa: SPEEk 2.581 langabe gutxiago zenbatu ditu sektore horretan.Industrian, 1.083 lagun gutxiago daude beharrik gabe; 663 eraikuntzan; aldiz, 140 gehiago nekazaritzan.
Era berean, ekainean erruz handitu da egindako kontratuen kopurua. Maiatzean baino %13,64 gehiago sinatu dira Hego Euskal Herrian eta aurtengo hilabeterik onena izan da kontratazioari dagokionez. Hori bai, sinatu diren hamar kontratutatik bederatzi baino gehiago aldi baterakoak izan dira, %94, zehazki. Kontratu finkoen kopurua, berriz, %7,3 txikitu da.
Ekainean sortu diren lanpostu gehienak gizonezkoek bete dituzte. Enplegu zerbitzuetako zerrendetan maiatzean baino 2.909 gizonezko langabe gutxiago daude orain; aldiz, emakumeen kasuan zenbateko hori ez da erdira ere iritsi, 1.153 gutxiago baino ez baitira. Industrian sortu diren lanpostu gehienak ez ezik, zerbitzuetan sortu direnetako asko ere gizonezkoek bete dituztela esan nahi du horrek.
Sindikatuak, hotz
LAB sindikatuaren arabera,azken datu horrek garbi erakusten du emakumeek lan merkatuan jasaten duten diskriminazioa gero eta handiagoa dela. Eta egoera hori iraultzeko bideak proposatu beharrean, instituzioak eta patronala kontrakoa egiten ari direla salatu du. «Emakumea lan merkatutik kanporatu nahi dute soilik familiako betebeharren erantzukizuna izan dezan». Gainera, nabarmendu du langabeek gero eta gizarte babes txikiagoa dutela, lanik gabe daudenen herenak ez duelako inolako laguntzarik jasotzen.
Euskadiko CCOOren irudiko, «ekaitzaren aurreko barealdiaren isla» baino ez dira azken hilabeteotako langabezia datuak. Behin uda pasatuta, lanpostu galera handia etorriko dela iragarri du, eta sortzen den enpleguaren kalitatea askoz okerragoa izango dela.
Patronala, pozik
Confebask Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalak askoz azterketa baikorragoa egin duSPEEk kaleratutako datuen inguruan. Haren esanetan, ekainean langabeen kopurua jaistea ohikoa da, urtero gertatzen den zerbait, «bainahorrelako jaitsierarik ez da izan 2006ko ekainetik, eta hilabete bakarrean horrenbeste enplegu ez da sortu 2007tik». Horiek hala, «euskal lan merkatuak okerrena pasatu duen irudipen gero eta irmoagoa» duela adierazi du enpresaburuen elkarteak. «Lan merkatuaren erreformak lagunduta, apurka-apurka hobetuz joateko joera hau egonkortu egingo dela uste dugu».
Nafarroako Gobernuak ere oso balioespen baikorra egin du, azken hamar urteotako ekainik onena izan dela nabarmenduta. Imelda Lorea Nafarroako Gobernuko Enplegu Departamenduko zuzendari nagusiaren hitzetan, ekainean langabeen kopuruak gora egiteko joera du Foru Erkidegoan. «Oraingoan, ordea, jaitsi egin da, laugarren hilabetez jarraian».
Eusko Jaurlaritzak ez du plazaratu langabezia datuen inguruko balioespenik. Soilik azpimarratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langabeen kopuruak izan duen jaitsiera Espainian baino handiagoa izan dela.