Abenduko datua abuztutik aurrera egondako onena izan zen, eta, maiatzean eta ekainean izan ziren jaitsierak alde batera utzita, urtean langabe gutxien gehitu zituen hirugarren hilabetea izan zen. Orotara, 2.150 langabe gehiagok eman zuten izena enplegu zerbitzuen bulegoetan. Orain dela urtebete, 2008ko abenduan, 8.600 gehiago izan ziren.
Herrialdearen eta sektorearen arabera badira ñabardurak, ordea. Izan ere, Araban apur bat jaitsi zen langabe kopurua, eta igoera txikia izan zuten Gipuzkoan eta Bizkaian. Nafarroan, aldiz, ustekabeko gorakada ekarri zuten urteko azken egunek; 1.400 langabe gehiago.
Urte osoko garapenari erreparatuta, Nafarroak izan zuen hazkunderik txikiena, %23. Bizkaian langabe kopurua %26 igo zen, eta, Araban eta Gipuzkoan, %28 baino gehiago. Hala ere, Nafarroak du oraindik ere langabezia tasarik handiena, populazio aktiboa aintzat hartuta: %13,2. Krisiaren ondorioak arinago iritsi ziren herrialde horretara, eta iaz ere langabe tasa handienarekin itxi zuen urtea. Bizkaiak ere %13 gainditu du honezkero. Tasarik txikienari, iaz bezala, Gipuzkoak eutsi dio, %11 gutxigatik gainditu baitu. Oro har, Hegoaldeko langabezia ia hiru puntu igo zen urteak aurrera egin ahala.
Langabeziaren egoerak bat egiten du administrazio publikoetatik egindako iragarpenekin. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, EAEn 30.000 lanpostu galduko zirela kalkulatu zuen. Langabe kopuruan hurbil geratu da, Eustatek edo INEk egiten dituzten inkesten emaitzen esperoan. 2010. urterako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste 15.000 lanpostu galduko direla aurreratu du Patxi Lopezen gobernuak. Haatik, heldu den urteko martxotik aurrera langabeziaren hazkundea gelditzea posible dela iradoki zuen atzo Lan sailburuordeak.
Gizonen artean langabeziak eragin handiagoa izan zuen. Lanik gabe geratu ziren hamar pertsonatik sei gizonak ziren, 20.500 lagun. Emakumeen artean hazkundea apalagoa izan da, eta ia parekatu da lanik gabe dauden emakumeen eta gizonen ehunekoa. Haatik, emakumeen langabezia tasa oraindik ere gizonena baino bi puntu handiagoa da, aktiboak gutxiago direlako.
Adinari dagokionez, gazte langabeen kopurua %23 igo da urte batetik bestera. 25 urte baino gutxiago duten pertsonen langabezia tasa %16,6 da, eta batez bestekoa lau puntugatik gainditzen du. Abenduan gazteak langabe guztietatik %9 ziren, iaz baino puntu bat gutxiago.
Eraikuntzan, gorakada
Datu kezkagarri bat badu abenduko kopuruak, dena den. Izan ere, hirugarren sektorean -ziur aski gabonetako kanpainari lotuta- eta lehen lanpostuaren bila ari direnen artean egon ziren jaitsiera txikiek industrian, eta, batez ere, eraikuntzan egondako igoerak estali zituzten. Eraikuntzaren sektoreak bakarrik 2.170 langabe gehiago zenbatu zituen abenduan, eta industriak, beste 900. Aurreko hilabeteetan izandako hazkunde esanguratsuei buelta eman eta langabe kopurua murriztu zen hirugarren sektorean.
Zerbitzuek izan zuten urte arteko hazkunderik txikiena, %23. Ekonomian pisu handiena duenez, langabe gehien biltzen dituena da: 100.000tik gora dagoeneko. Nekazaritzan, eraikuntzan, eta industrian urte batetik bestera %30 handitu zen langabezia.
Abenduan ez zen kontratazioa suspertu. Aurreko hilabetean baino 3.600 kontratu gutxiago sinatu ziren. Kontratu mugagabeak ez ziren %6ra iritsi.
Horren haritik, aurreko urtean baino 187.000 kontratu gutxiago sinatu ziren 2009an. Iraupen mugagabea zuten kontratazioak %30 erori ziren, eta aldi baterako kontratazioaren pisua are gehiago handitu zen. Soilik kontratuen %7,7 izan ziren mugagabeak.
Espainiako Enplegu Zerbitzuetan izena emanda dauden langabeen heren batek ez du inolako ordainik jasotzen. Azarokoa da atzo jakinarazitako datua, eta, hain zuzen ere, 56.220 pertsona dira. Erdiak baino gutxiagok, %44k, langabezia saria kobratzen dute, kotizatutako lanaldien truke. Azken urtean langabezia saria galdu eta subsidioa kobratzera pasatu ziren pertsonak %6 handitu dira. Oro har, subsidioaren bidez kobratzen diren laguntzak apalagoak dira. Ia 36.500 lagun jasotzen ari dira langabeziaren subsidioa Hego Euskal Herrian.
Azaroan 140 milioi euro baino gehiago erabili ziren Hegoaldeko lau herrialdeetan langabeen ordainak finantzatzeko. Batez beste, Gipuzkoako langabeek jaso zuten saririk handiena, 948 euro. Txikiena, berriz, Bizkaian izan zen, 914 euro hileko.
Afiliazioa behera
Urteko azken hilabeteak ere ez zituen hobetu afiliazioaren datuak, nahiz eta jaitsiera oso arina izan, batez ere Araban eta Gipuzkoan. Aurreko hilabetearekin alderatuz gero, Hegoaldean 1.182 langile gutxiagok kotizatu zuten Gizarte Segurantzaren sisteman.
Guztira, 35.900 afiliatu gutxiagorekin itxi da 2009. Ehunekoa aintzat hartuta, jaitsiera handiena Nafarroak izan du, %3 baino gehiago.