LANGABEZIA. 4.000 langabe gehiago iaz Hego Euskal Herrian

INEren datuen arabera, langabezia tasa %8,62ra igo zen 2003an; 19.600 pertsona hasi ziren lanean, 2002an baino %1,72 gehiago

Erredakzioa
2004ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko biztanleria aktiboaren %8,62 lanik gabe zeuden iazko azken hiruhilabetekoan, atzo INEk Espainiako Estatistika Institutua kaleratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. 2002ko datuekin alderatuta, langabe-kopuruak %3,81 egin zuen gora. Langabezia tasa %0,16 hazi zen, %8,46tik %8,62ra. 2002ko azken hiruhilekoan baino 4.000 langabe gehiago zeuden beraz. Guztira, 2003ko azken hiruhilekoan 108.800 pertsona zeuden Hego Euskal Herrian lana aurkitu ezinik. Horietatik, gizonezkoak 52.100 ziren eta emakumeak 56.700 .

Bestalde, okupatuen kopurua %1,72 handitu zen. 2002ko azken hiruhilekoan baino 19.600 gehiago zirela dio inkestak, hau da, 1.153.100 guztira. Biztanleria aktiboa ere gehitu zen: 2002. urteko bukaeran 1.238.300 pertsona zeuden lan egiteko prest; 2003an, berriz, 1.261.900. Emendatze horrek esplikatzen du bai okupazio-tasak bai langabezia tasak gora egin izana.Lurraldekako datuak kontutan hartuta, langabeen zenbatekoa Nafarroan handitu zen gehien, %15,29 hain zuzen. Langabezia tasak joera bera izan zuen: %5,2tik %5,89ra. Nolanahi ere, Nafarroak du Hego Euskal Herriko tasarik baxuena. Gipuzkoan, berriz, bai langabeen zenbatekoa bai langabe portzentaia gutxitu egin ziren. 2002an 22.000 pertsona zeuden egoera horretan; 2003an, 21.200. Tasak %0,33 egin zuen behera, %6,68tik %6,35era.Kontrakoa gertatu zen Araban eta Bizkaian: langabe gehiago eta langabezi-tasa gora. Araban %8,28tik %8,63ra emendatu zen azken hori. Guztira 13.000 pertsona zebiltzan lana aurkitu nahian, 2002an baino 900 gehiago. Bizkaiak izan zituenHego Euskal Herriko emaitzarik txarrenak, aurreko urteetan bezala. Langabezia tasa %0,19 gehitu zen eta dagoeneko Espainiako batez bestekoa ere gainditu du: %11,43koa da Bizkaian eta %11,2koa Espainian. 59.300 langabe daude guztira.

Emakumezkoen tasak handiagoak lau lurraldeetan

Langabeziak neurri handiagoan eragiten die emakumezkoei. Lau lurraldeetan emakumeen tasak gizonezkoenak baina handiagoak dira. Araban nabarmena da batzuen eta besteen arteko desoreka: %13,66 emakumezkoen tasa eta %5,09 gizonezkoena. Egoera parekatuena Gipuzkoakoa da: %7,31 emakumezkoen portzentaia eta %5,67gizonena.

Gizonezkoen jarduera tasak ere emakumezkoenak baino altuagoak dira Hego Euskal Herri osoan, %20 gutxi gorabehera .

Sindikatuak kexu

Sindikatuek bat egin dute datuen balorazioan. LABeko Rafa Izquierdoren ustetan, «langabe-kopurua azkeneko urte eta erdiko handiena da. Gazteen okupazio tasak %6,7 egin zuen behera iragan urteko azken hiruhilabetekoan. Eta lanpostu horien %68,3 aldi baterakoak dira». UGTko Damaso Casadoren iritzia antzekoa da. «Langabezia handitu egin da eta sortzen diren lanpostuak maila txikikoak dira. Horrek Gizarte Segurantzari kalteak eragingo dizkio».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.