Enpresa mundutik azken asteetan jasotako berri txarrek ondorio nabarmenak utzi dituzte langabeziaren datuetan. INEM Espainiako Enplegu Institutuaren arabera, urritik azarora %8,4 igo da langabezia Hego Euskal Herrian. Hegoaldeko lau lurraldeetan 9.683 pertsona gehiago geratu dira lanik gabe hilabete bakar batean, eta, hori gutxi balitz bezala, bosgarren hilabetea bete du langabeziak goranzko bidean. Datu horiek eskuan, Eusko Jaurlaritzak onartu dukrisiaren ondorioak nabaritzen hasi direla.
Ekonomiaren krisiak utzitako ondorioak argiak dira iazko azaroa eta aurtengoa alderatzen badira. Orduan 95.200 langabe zeuden Hego Euskal Herrian, eta aurten 29.706 gehiago; guztira, 124.906. Eusko Jaurlaritzak aitortu du krisia ondorioak eragiten hasi dela: «Gaizki pasatzen hasi gara», azaldu zuen atzo Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak. Hala ere, EAEko ekonomia ingurukoak baino egoera hobean dagoela berretsi zuen.
Nafarroan ikus daiteke berriz ere langabeziaren hazkunderik nabarmenena: %10,15. Iazko azaroarekin alderatuta, %45,26 igo da tasa lurralde horretan bakarrik, eta berak du Hego Euskal Herriko langabezia tasarik altuena: %9,69. LABen arabera, hazkunde hori eraikuntzak Nafarroan duen pisuarekin arrazoitzen da, sektore horretan %108,8 igo baita langabezia. Hala ere, Nafarroako Gobernuak lasaitzeko deia egin du: «Langabeen %40k aukera handiak dituzte Nafarroan lana berriz ere aurkitzeko».
Araban ere asko igo da langabezia azaroan: %8,55. Hala, urrian baino 1.107 langabe gehiago zenbatu ditu INEMek azaroan. Urte arteko tasak, berriz, %34,06ko hazkundea izan du bertan.
Bizkaian eta Gipuzkoan modu apalxeagoan igo da langabezia tasa: Bizkaian %7,8, eta Gipuzkooan %7,5. Guztira, 52.338 langabe daude Bizkaian, eta 28.358 Gipuzkoan.
Gazteak kaltetuenak
Ekonomiaren egoera txarrak gazteei eragin die gehienbat. 25 urtetik beherakoen artean %14,5 igo da langabezia tasa azaroan, eta iaztik%59,6. Gizonezkoen artean %13 igo da langabezia urritik azarora, eta emakumeen artean %4,7.
Sindikatuek datu horien larritasunaz ohartarazi dute. LABek salatu du patronalak egungo egoera ekonomikoa aprobetxatzen dutela langileak kaleratzeko, eta hori saihesteko agintariei eskatu die ez onartzeko «enpresek lehenengo zailtasunak dituztenean eta urte luzeetan etekinak ateratzen egon ostean» aurkeztu dituzte enplegua erregulatzeko espedienteak.
CCOOk krisiak langabezian «gogor» eragingo duela uste du, eta, beraz, neurri «serioak eta eraginkorrak» behar direla azaldu du. UGTk Jaurlaritzaren «pasibotasuna» kritikatu du, eta lana sustatzeko hitzarmen bat eskatu dio.
Langabezia %8,6 igo egin da urritik azarora Hego Euskal Herrian
INEMek 9.683 langabe gehiago zenbatu ditu azaroan, eta Jaurlaritzak onartu du herritarrak «gaizki» pasatzen hasi direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu