Langabezia handitu egin da AEBetan, baina erritmo motelagoan

Apirilean 539.000 langabe gehiago egon dira, adituek aurreikusi baino ia ehun mila gutxiago

Erredakzioa
2009ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
INEMek aste honetan jakinarazi duenez,apirilean langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, baina aurreko hilabeteetanbaino erritmo motelagoan. Gauza bera gertatu da AEBetan ere. Hilabetean 539.000 lagunek galdu dute enplegua, baina urritik izandako igoerarik txikiena da hori. Adituek 630.000 enplegu suntsituko zirela espero zuten.

Gaur egun, guztira 13,7 milioi lagun ari dira lan bila herrialdean, ia joan den urtean halako bi. Horietatik 3,7 milioik denbora asko daramate enplegu bila.Langabezia tasa, berriz, %8,9ra iritsi da. Azken 26 urteetan ez zen hain maila altuan egon. Nazioarteko Diru Funtsak egindako ikerketa baten arabera, langabeziak gorantz jarraituko du hurrengo hiruhilekoetan ere, «ekonomia motel haziko delako». Hala eta guztiz ere, tasa asko jota %10era iritsiko dela uste du.

Baikor agertu da Barack Obama AEBetako presidentea langabeziaren datuak ezagutu ostean: «Poliki-poliki, baina hasi gara urratsak egiten». Besteak beste, kontsumoan egindako gastua pixkanaka handitzen ari dela gogoratu du. Enplegu sortzen hasi bitartean, langileen prestakuntza sustatuko duela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.