Joan den ekainetik irailera bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasa %10,1etik %9,5era jaitsi da, Eustatek gaur kaleratutako inkestaren emaitzen arabera. Iazko hirugarren hiruhilekoarekin alderartuta, 2,1 puntukoa da jaitsiera. Hiru lurraldeetan, 98.700 dira langabeak Eustaten kalkuluen arabera, "lan bila dabiltzanak, bilatzeko kudeaketa aktiboa egiten ari direnak eta gainera lanerako prest daudenak". Halaber, zehaztu du langabeen %29,8 ez daudela langabe gisa erresitratuta Lanbiden. Langabe gehienak, %52,4, emakumeak dira, 51.700 hain zuzen ere.
Langabe kopuruaren jaitsiera handiena Bizkaian gertatu da ekainetik irailera bitartean: 4.700 langabe gutxiago daude, eta, beraz, %10,8koa da langabezia tasa lurralde horretan, aurreko hiruhilekoan baino 0,8 puntu txikiagoa. Gipuzkoan, 1.600 langabe gutxiago daude, eta %7,2koa da tasa, 0,5 puntu txikiagoa. Araban, berriz, 0,6 puntu jaitsi da langabezia tasa, %9,9raino —1.200 langabe gutxiago—.
Nahiz eta azken hiruhilekoan langabezia tasa 0,6 puntu jaitsi, gutxitu egin da landun kopurua, Eustaten arabera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekainean baino 1.400 landun gutxiago zeuden joan den irailean. Okupazio jaitsierak batez ere emakumeei eragin die: emakume landunak bigarren hiruhilekoan baino 4.800 gutxiago dira; aldiz, gizonen artean, 3.400 gehiago dira landunak.
Sektoreka, okupazioak behera egin du eraikuntzan eta zerbitzuetan, 1.900 eta 1.100 landun gutxiago baitaude, hurrenez hurren. Ostera, lehen sektorean 500 landun gehiago daude, eta 1.100 gehiago industria arloan.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak "zeinu atseginak" ikusi ditu Eustatek plazaratutako langabezia eta okupazio datuetan. Narbamendu du pertsona aktibo guztiak langabezian dauzkaten etxebizitza gutxiago direla aktibo guztiak lanean daudenak baino. Zehazki, 33.300 etxebizitzatan daude kide guztiak langabezian, aurreko hiruhilekoan baino 2.200 gutxiago. "Hala ere, 33.300 familia dira, eta horiekin lan egiten jarraituko dugu, lan merkatuan aukerak aurkitu ditzaten, ez baitugu inor atzean ahaztu nahi", adierazi du Artolazabalek.
Langabezia tasa %9,5era jaisteak "Euskadi bide egokian doala" erakusten duela uste izan arren, "zuhurtzia" eskatu du sailburuak. "Ezin gaitezke konformatu, eta ez dugu halakorik egingo. Oraindik badaude lana aurkitzeko zailasun gehiago dauzkaten kolektiboak, emakumeak, epe luzeko langabeak eta gazteak adibidez. Gure ardura da horiek aukerak izatea. Enplegua lor dezaten eta enplegu horren lan baldintzak egokiak izan daitezen egiten dugu lan".