Bost biztanle aktibotatik bat lanik gabe dago Espainian, 4.612.700 lagun, hain zuzen ere. Langabezia tasa %20,05ekoa da, 1997az geroztik handiena. Iazko azken hiruhilekotik aurtengo lehenengora, berriz, 286.200 pertsonak galdu dute lanpostua.
Hego Euskal Herriko egoera ona da Espainiakoaren aldean. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasa %10,91koa da, eta %12,32koa Nafarroakoa. Hala dio INE Espainiako Estatistika Erakundeak urtarriletik martxora biztanleria aktiboari egindako inkestak.
Inkesta horrek INEMek hilero ematen dituen datuek baino langabe gehiago zenbatzen ditu Espainian. INEMek hil honen hasieran kaleratutako datuen arabera, martxoan 4.166.613 pertsona zeuden lanik gabe. Kontua da Espainiako Lan Ministerioak ez dituela kontuan hartzen prestakuntza ikastaroak egiten ari diren langabeak eta diru laguntza jakin batzuk jasotzen dituztenak.
Berez, INEk etzi kaleratu behar zituen lehenengo hiruhileko inkestari zegozkion datuak. Baina, akats bat tarteko, herenegunjarri zituen ikusgai bere webgunean, eta ABC egunkari espainiarrak hartu eta lau haizetara zabaldu zituen atzo.
Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroaren arabera, %20ko langabezia tasa Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen artean sartzen da. Datozen hilabeteetan beherantz egiten hasiko dela uste du. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak zorrotzago hitz egin du, tasa «sobera altua» dela eta apirilean jaitsi egingo dela zehaztu baitu. Egoera kezkatzeko modukoa dela adierazi du, eta berari ardura eragiten diola. Dena dela, lanik gabe dauden hamarretik zortzik laguntzaren bat jasotzen dutela eta hori adierazgarria dela esan du.
Langabezia tasa %20tik gorakoa da Espainian
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasa %10,91koa da; Nafarroakoa, berriz, %12,32koa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu