Langabezia tasa %2,17 jaitsi da Hego Euskal Herrian 2003an

Abenduan, aldiz, ia bi puntu igo da langabeen kopurua eta 1.810 pertsonek eman dute izena INEMen

IRATXE ARNEDO
BILBO
2004ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Langabeziak jaitsiera apala izan zuen joan den urtean Hego Euskal Herrian. INEMen datuen arabera, 2003. urte amaieran hasieran baino 2.051 langabe gutxiago zeuden, hau da, %2,17 gutxiago. Beraz, langabezia tasa %7,30koa da, orotara 92.347 langabe baitaude.

Bizkaian daude langabe gehien; 43.917 hain justu, eta langabezia tasa Hegoaldeko handiena da, 8,38raino heltzen baita. Izan ere, Bizkaian %1,57 igo da langabezia 2003an. Gipuzkoan, berriz, langabeen kopurua %1,81jaitsi da, 398 pertsona gutxiago daude langabezian. Guztira, 21.613 pertsona daude lan barik, eta langabezia tasa %6,51ekoa da.Arabak eman ditu daturik onenak, langabezia nabarmen jaitsi baita 2003an. Hala, 1.086 pertsona gutxiago daude lan barik, hots, %10,49. Hortaz, urte amaieran 9.262 langabe zeuden Araban, biztanleria aktiboaren %6,20, hain zuzen. Nafarroan ere nabarmen jaitsi da langabeen kopurua, eta1.245 pertsonak aurkitu dute lana 2003an, %6,62k hain justu.

Abenduko berri txarra

Dena den, 2003ko azken hilaren datuak ez dira hain positiboak. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako INEMeko bulegoetan 1.810 lagunek eman dute izena. Horregatik, abenduan langabezia tasak ia bi puntuko igoera izan du Hego Euskal Herrian.

INEMek langabeziari buruzko azken datuak ezagutarazi bezain laster, bere bulegoetan lan bila izena eman dutenen %43k ez dituztela langabetzat jotzen salatu du LAB sindikatuak. «Hilero pertsona asko langabeziaren estatistiketatik kanpo geratzen dira, arrazoi objektiborik gabe, horrela langabeen kopuru ofiziala murrizten da, benetako arazoa ezkutatzeko», ohartarazi du sindikatu abertzaleak. Nafarroako ELAko eledun Jose Maria Otaegiren esanetan, «kezkagarria» da oso langabeziaren igoera abenduan, horrek eraikuntzaren sektorean izan dezakeen eraginagatik. Otaegirentzat, 2004. urtea «ziurgabetasunez» hasten da Nafarroan, bertako Gobernuaren politikak eragin duen «ekonomia ahula» dela medio.CCOO sindikatuak ere 2003a «enplegurako urte txarra» izan dela deritzo.Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren «gelditasuna» eta enpresaburuek «euren etekinak handitzeko enplegua murrizteko egindako saiaketak» jo ditu eragiletzat.

CCOO

«Enpresaburuak euren etekinak handitzeko enplegua murrizteko saiasketak egiten dituzte»



LAB

«Hilero lagun asko langabeziaren estatistiketatik kanpo gelditzen dira arrazoirik gabe»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.