Langabezia tasa %9,3koa zen 2012. urte bukaeran Ipar Euskal Herrian. Lan bila diren herritarren kopuruak azken hilabeteetan gora egin du: iazko abenduan 20.606 ziren lan bila ari, duela urte bat baino %13,1 gehiago. Enpresen sorrerari doakionez, 2011. urteari konparatuz %4 guttitu ziren sorrerak eskulangintzan eta merkataritzan. Sektore horietan 1.056 enpresa desagertu ziren, eta 1.856 sortu iazko urtean.
Egoera ekonomiko nahiko beltza aurkeztu du goiz honetan Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak, eta, zehaztu duenez, 2013. urterako ez dute hobekuntzarik espero. Hala ere, 600 enpresabururi egindako inkestaren arabera, horietarik %68 dira geroari begira baikor eta soilik %29 dira kezkaturik.