Langabeziak eta okupazioak gora egin dute Hegoaldean, INEren arabera

Udari buruz Eustatek atera zituen datuekin erabat kontrajarrita daude Espainiako enplegu inkestarenak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Enpleguaren egoera neurtzeko joerak duela garrantzia diote adituek. Unean uneko gorabeherak alde batera utzita, luzera begirako ildoak ikustea da gakoa. Hala, akaso goiz da oraindik ekonomiaren moteltzeak izan dituen ondorioak ikusteko, langabezia neurtzen duten bi inkestek datu erabat kontrajarriak eman dituztelako udan gertatu denari buruz.

Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) atzo argitaratu zuen biztanleria aktiboari buruzko inkestaren emaitzak. Joan den udan langabe kopurua igo zela kalkulatu du INEk, baina, aldi berean, enplegua sortu zen eta okupazioak ere gora egin zuen. Langabeziaren hazkundea, hortaz, populazio aktiboak izandako igoera garrantzitsu bati zor zaio. Hain zuzen ere, 8.300 pertsona aktibo gehiago Hego Euskal Herrian. Biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, goia du berriro langabeziak, 165.300 langaberekin. Joan den urteko hiruhileko berean baino 22.500 gehiago dira, gainera.

Baina emaitza horiek, berriro ere, langabezia neurtzeko sistemen arteko koherentzia falta agerian utzi dute. Orain dela astebete, biztanleria jardueraren arabera sailkatzen duen galdeketaren berri eman zuen Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa baino ez ditu aztertzen, baina unibertso horri dagokionez, gutxienez, emaitza guztiz kontrakoak lortu ditu atal guztietan. Alegia, INEk populazio aktiboaren igoera — 8.300 lagun gehiago — ikusi duen tokian jaitsiera kalkulatu zuen Eustatek, 7.900 pertsona gutxiago. Okupazioari buruzko datuak bereziki txarrak izan ziren Eustaten inkestan. Uda izanagatik 4.600 lanpostu galdu zirela jakinarazi zuen. Uztailetik irailera izandako galerarik handiena zen 1993. urtetik. Haatik, INEren datuek 2.100 lanpostu sortu zirela diote. Hots, enplegua galdu beharrean udan irabazi zela.

Enplegu publikoarekin kezkak

Langabezian ere, alderantzizko emaitzak. Eustatek 3.500 langabe gutxiago zenbatu zituen, eta INEren arabera, 6.700 gehiago dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan langabe kopuruak gora egin du. Nafarroan, aldiz, 3.600 gutxiago izan dira.

Biztanleria aktiboaren inkestaren emaitzek egoera kezkagarria irudikatu dutela ohartarazi zuten euskal sindikatuek. ELAk eta LABek, esaterako, sektore publikoan izaten ari diren murrizketekin lotu zuten egoera. «Ez du zentzurik jardun publikoak gelditzen duten politikak areagotzea, langabezia ere handitzen dutelako», adierazi zuen ELAk, prentsa ohar baten bidez.

Sektore publikoan soldatapeko enplegu galera «handiagoa» izan dela nabarmendu zuen LABek. Hori dela eta, kezkagarritzat jo zituen 2012. urterako iragarri diren aurrekontu murrizketak. Europan dagoen giroa ikusita, arazoak aurreikusi ditu sindikatuak. «Esportazioen ahultzearekin eta sektore publikoaren bultzadarik gabe oso zaila izango da, ezinezkoa ez esatearren, hazkundearen eta enpleguaren bidea hartzea».

Bestalde, CCOO sindikatuak hitzarmen kolektiboetan bi urterako ituna proposatu du, erreforma fiskal baten truke. Atzeratutako itunak gaurkotzea nahi du CCOOk, eta soldata igoera «arrazoizkoa» adostea, erosahalmenari eutsi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.