Langabeziak goia jo du...

Krisia hasi zenetik langabe kopuru handiena dago Lanbiden eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan: 206.016Langabeen estaldura tasak jaisten jarraitzen du, eta kontratu mugagabeak %7 ere ez dira

Iker Aranburu.
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Langabeen kopuruak azken urteotako daturik txarrena eman du urtarrilean. Hilabete horretan 13.676 lagun gehiagok eman dute izena Lanbiden eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, eta, horren ondorioz, 200.000 lagunetik gora azaltzen dira haien zerrendetan, lehen aldiz krisia hasi zenetik. 206.016 dira, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak atzo zabaldutako datuen arabera. Joan den astean, INEren inkestak 176.000 langabe eman zituen Hego Euskal Herrian.

Urtarrila oso hilabete txarra izan ohi da enpleguarentzat, hazkunde garaietan ere langabeziak gora egiten baitu. 2005eko urtarrilean, esaterako, 4.378 langabe gehiago zenbatu zituzten, 7.316 2006an eta 5.931 2007an. Krisia hasi zenetik okerrera egin dute zenbaki horiek, baina inoiz ez aurten bezainbeste. 2009an, Lehman Brothersen porrotak ekonomiaren hondoratzea eragin zuenean, 12.875 langabe gehiago agertu ziren enplegu zerbitzuetan, 10.111 2010ean eta 9.296 iaz.

Ehunekoetan, aurtengoa (%7,1) baino urte okerragoak izan dira, 2009a bera (%9,6) eta 2008a (%9,4), baina orduan ez zegoen oraingo langabe kopurua. 2008ko irailean krisiak bete-betean eztanda egin zuenetik%90,7 handitu da langabezia Hego Euskal Herrian. 107.982 langabe zeuden orduan, SPEEren arabera, eta 98.034 gehiago dira orain.

Sektoreka, nekazaritzan(%238,2) eta enplegurik gabekoen artean (%175,6) handitu da gehien, baina bi horiek biltzen dute oraindik ere langabe gutxien. Sektore nagusien artean, eraikuntzako langileek pagatu dute gehien krisia, haien artean langabezia bikoiztu egin baita (%110,8). Hurbil geratu dira zerbitzuak (+%80,2) eta industria ere (+%79,3).

Azken urtean ere bilakaera oso antzekoa izan da: %9,4 handitu da langabezia iaztik hona, eta industriak (%8,7) eta zerbitzuak (%7,9) baizik ez daude batezbesteko horretatik behera.

Emakume gehiago

Lurraldeei erreparatuz gero,abendutik urtarrilera %7 inguruko enplegu galera izan dute Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak, eta %8tik gorakoa Arabak soilik. Baina azken urteari begiratuta badira alde esanguratsuak: %11 handitu da Nafarroan, %14,7 Araban, ia %10 Bizkaian eta %6 Gipuzkoan. Azken lurralde horrek ditu daturik onenak: INEren azken enplegu inkestaren datuak SPEEk atzo zabaldutakoekin erkatuz gero, %12,76ko langabezia tasa du Gipuzkoak, %14,78koa Arabak, %15,92koa Bizkaiak eta %16,29koa Nafarroak. Langabeen %48,5 gizonezkoak dira, eta %51,4 emakumeak.

Beste lan erreforma baten atarian, kontratazioari buruzko datuek erakusten dute azkenekoak ez duela askorako balio izan. Langabeziak gora egiten jarraitzeaz gain, azken erreformak sortutako kontratazio mugagabea sustatzeko kontratuek ez dute inolako arrakastarik izan: urtarrilean halako 391 bakarrik sinatu ziren Hego Euskal Herrian, kontratu guztien %0,56 besterik ez. Aldi baterako kontratuak dira jaun eta jabe, %93,65 baitira horrelakoak.

PSOEren gobernuaren erreformak huts egin duela onartuta ere, oraingo gobernua prestatzen ari dena «inoiz baino justifikatuago» dagoela ziurtatu du Engracia Hidalgo Espainiako Enplegurako Estatu idazkariak. «Testuinguru honetan beharrezkoa da langileei eta enpresaburuei konfiantza itzultzea, krisia batera gainditu dezaten eta kaleratzea azken irtenbidea izan dadin». Mariano Raxoi gobernuburuak, ordea, elkarrizketa pribatu batean aitortu du sindikatuek ez dutela gustuko izango prestatzen ari den erreforma eta greba batekin «pagatuko» diotela.

Krisia luzatu ahala, gutxitzen ari da langabezia saria jasotzeko eskubidea dutenen kopurua ere.Azken datuak 2011ko abendukoak dira: orduan, langabeen %41,1 zeuden estaldurarik gabe, eta, urtebete lehenago, %39,9 ziren. Langabeen %36,5ek jasotzen dituzte langabezia sari arruntak, eta %20,5ek, hura baino txikiagoa den subsidioa.

Langabeak lasaitzearren, Espainiako Gobernuak agindu du ez duela langabezia sariak pagatzeko dirua murriztuko. «Ukiezina da hori», nabarmendu du Hidalgok. «Beharrezkoa bada, handituko dugu». Abenduan, estatuak 2.583 milioi euro gastatu zituen langabezia laguntzetan, duela urtebete baino %1,3 gutxiago. Kopuru horretatik 130 milioi euro dagozkie Hego Euskal Herriko langabeei. Batez beste, 955 euroko saria jaso zuten.

Tomas Burgos Gizarte Segurantzako Estatu idazkariak, berriz, iradoki du agian aurki Erreserba Funtsa baliatu beharko dutela pentsioen zati bat pagatzeko.«Horretarako dago», azaldu du Burgosek, funts hori baliatzea «azken baliabidea» dela zehaztu duen arren. Urtarrilean ere behera egin du afiliatuen kopuruak, eta, gaur egun, pentsiodun bakoitzeko 2,4 lagun ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen; kopururik txikiena da 2003. urteaz geroztik. Azken urteotan superabita izan du Gizarte Segurantzak, eta horri esker 2001etik 2011ra bitarte 66.000 milioi euroko erreserba osatu ahal izan du.

Jaurlaritza, «oso kezkaturik»

Eusko Jaurlaritzak «oso kezkaturik» ikusi ditu SPEEren emaitzak. «Langabezia beti da kezkagarria, baina 2012ko urtarrilean izan duguna bezalako igoera gertatzen bada, jakina da kezka areagotu egiten dela», esan du Javier Ruiz Enpleguko sailburuordeak. Gainera, nabarmendu du aurrekontuak doitzeko eta gastu publikoa murrizteko politikek «bere horretan» ezingo dutela konpondulangabeziaren arazoa. «Ekonomia berpiztuko bada, pizgarriak eman behar zaizkio».

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari Jose Javier Esparzak ziurtatu du langabeziaren datuek «jarduera ekonomikoaren okertzea» erakusten dutela. Hala ere, saiatu da irakurketari baikortasun pixka bat ematen. Gogorarazi du azken urteotan Nafarroan batez beste %7,77 igo dela langabezia, eta %6,82 aurten. Gabonen amaierari egotzi dio Esparzak langabeziaren handitzea: «Azken urteotan, urtarrilean egindako kontratu kopurua egonkorra izan da, baina langabeen kopurua asko handitzen da, merkataritzan eta ostalaritzan Gabonei begira egindako kontratuak eta administrazio publikoko ordezkapen kontratuak amaitu direlako».

Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak enplegu eta inbertsio planak eskatu ditu, eta langabezian geratu diren pertsona eta familiei laguntzeko. «Zerbitzu publikoa indartzeak eta, beraz, zerbitzu publiko sozial horietan lanpostuak sortzeak balioko du, alde batetik, langabeziari aurre egiteko eta, bestetik —eta hori da une honetan garrantzitsuena—, premia gorrienean dauden pertsonei inoiz baino beharrezkoagoa den estaldura soziala emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.