Langabeziaren igoerak agerian utzi du krisiaren ondorioak ez direla amaitu

Irailean, beste 1.764 lagunek izena eman dute Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoetan, eta ia 172.000 langabe daude

Ivan Santamaria.
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren amaierari buruzko interpretaziorik baikorrenak hankaz gora jarri ditu langabeziaren datuak. Irailean berriro ere gora egin zuen langabe kopuruak Hego Euskal Herrian. Hazkunde txikia izan da -%1 baino ez-, baina joera kezkagarria da: 2007ra arte, udaren ondotik enplegua sortzen hasteko garai aproposa izan ohi zen iraila.

Datu makroekonomikoetan oinarrituta, krisia gainditutzat jo zuen orain dela aste batzuk Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Ondoren, Patxi Lopez lehendakariak jarrera hori leundu zuen, eta krisia gainditzeko «hasiera» dela aipatu zuen. Langabeziaren gorakadak gobernua bestelako interpretazio bat egitera behartu zuen atzo. «Langabeziaren datuak agerian utzi du krisi egoerak jarraitzen duela», onartu zuen Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, ohar baten bidez.

Langabe kopuruaren igoerak ez dira iazkoak bezain esanguratsuak, baina ekonomiaren hazkunde motela ez da gai lanpostuak jarraian sortzeko. Galdutako enplegua berriro lortzea da orain erronka. Orain dela bi urte Lehman Brothers bankuak porrot egin eta krisiak ekonomia errealera jauzi egin zuenean baino 64.000 langabe gehiago daude gaur egun Hegoaldean.

Irailean herrialde guztietan handitu zen langabezia. Hazkunderik adierazgarriena, bigarren hilabetez jarraian, Arabak jasan zuen (% 2,2). Hala ere, tasarik handiena Nafarroak du, ia krisia hasi zenetik gertatu den gisara: populazio aktiboaren %13,28k ez dute lanik.

Enplegu zerbitzuen bulegoetara lan bila doazen emakumeen kopurua handitu da batez ere. Hala, joan den hilabetean izena eman zuten langabeen %78 emakumeak ziren. Urtea hasi zenetik indartu da joera hori, gainera. Abendutik hona beharrik gabe dauden gizonen kopurua %3,3 gutxitu da. Tarte horretan, ordea, langabezian dauden emakumeen kopurua %7 baino gehiago handitu da.

Eraikuntzan, industrian eta nekazaritzan langabezia murriztu bazen ere, ez zen izan zerbitzuetan izandako igoera berdintzeko adina. Lehen enpleguaren bila ari direnen kopurua ere handitu zen irailean. Industria da joan den urteko hilabete berean baino langabe gutxiago izatea lortu duen sektore bakarra.

Erreformaren arrastorik ez

Kontratazioaren emaitzetan ez da oraingoz lan erreformaren eraginik nabari. 2009ko irailean baino 5.000 kontratu gehiago egin ziren, baina soilik aldi baterakoak handitu dira. Aurtengo irailean sinatutako kontratu guztietatik %8 baino ez ziren mugagabeak. Espainiako Gobernuak lan erreforman bultzatu nahi duen eredutik -kontratazio mugagabea sustatzeko kontratua- 949 sinatu ziren, ehunetik bat, alegia.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabeen egoerari buruzko beste daturen bat eman zuen Jaurlaritzak. Gaur egun, 45.000 lagun epe luzeko langabeak dira. Hots, urte bat edo gehiago lan egin gabe daramate. Hegoaldeko langabeen %43k soilik dute kotizatutakoaren araberako langabezia saria jasotzeko eskubidea.

Erreakzioen artean, gobernuei lanpostuak sortzeko helburuari uko egin izana egotzi zien ELAk. LABek, berriz, gazteen langabeziaren hazkundea salatu zuen. «Errealitate hori ikusita, PSOEk, EAJk eta beste lankideek laneko bizitza luzatzea nahi dute». Confebask patronalak «sasoikako arrazoiei» egotzi zien igoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.