Enpleguaren alorrean hasi zen bezala amaitu da urtea Hego Euskal Herrian. Abenduan gora egin zuen berriro langabe kopuruak—uztailetik aurrera hilero gertatu den gisara—, eta urte berria langabeziaren gorakadarekin abiatu da, laugarren urtez jarraian.
Azken hilabeteotan joera kezkagarria izan du langabeziak, gainera. 2010ean baino igoera handiagoarekin amaitu da urtea, eta gero eta langabe gehiago daude ordainik gabe.
1. Hazkundea, berriro
2010. urtea amaitu zenean baino 13.368 lagun gehiago daude beharrik gabe Hego Euskal Herrian. Datu orokorra aintzat hartuta, langabe kopuru orokorra %7,4 handitu da hamabi hilabetean. Hazkundea, esaterako, 2010. urtean gertatu zena baino handiagoa da: 10.118 langabe gehiago izan ziren orduan. Aurreko urtearekin alderatuz, hazkundea ere txikiagoa izan zen: %6.
2. Krisiaren zauria
Bost urtez krisi ekonomikoak enpleguan eragin duen triskantzaren irudi argia islatzen du langabeziaren garapenak. 2007. urtea 96.157 langaberekin amaitu zen. Gaur egun, kopuru horren halako bi dira: 192.340.
3. Abendua, lasaiago
Aurreko hilabetearekin alderatuz, 1.527 langabe gehiago zenbatu zituzten Lanbideko eta Nafarroako enplegu zerbitzu publikoetako bulegoek. Langabeziak gora egin ohi duen hilabete horien artean dago abendua, baina hazkundea ez da aurreko urteetan bezain adierazgarria izan. Igoerarik txikiena da 2007ko abendutik, hain zuzen ere. Datu hori nabarmendu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. Langabezia hazkundearen %72 Nafarroan gertatu da, eta Araban pixka bat egin du behera langabe kopuruak.
4. Zikloen menpe
Ekonomiaren bultzada ez da aski enplegua sortu eta langabezia behera bultzatzeko. Baina langabeziaren igoera ez da jarraian izan, eta urteko sasoiaren menpe ere egon da. 2011ko lehen lau hilabeteetan gora egin zuen nabarmen, eta krisia hasi zenetik goia jo zuen apirilean, ia 197.000 langabera iritsita. Ondoren, uda baliatuta, jaitsiera adierazgarria izan zuen uztaila arte —181.841 hilabete horretan—. Harrezkero, jardueraren moteltzea islatu da enplegu sorrera eskasean, eta azken bost hilabeteetan gora egin du langabeziak, etenik gabe. Atzeraldi arriskuak datozen hilabeteotarako aurreikuspenak ilundu ditu.
5. Nafarroan, %15
Urteko azken emaitzak igoera orokorra utzi du Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Azken txanpan Nafarroak izan duen igoeraren ondorioz, herrialde horri dagokio langabezia tasarik handiena, %15 ozta-ozta gaindituta. Iaz gertatu zen modura, Gipuzkoan igo da gutxien langabezia urtearen joanean, %4,2. Horri esker,tasarik apalena izateari eutsi dio: %11,8. Enplegu zerbitzu publikoen erroldak aintzat hartuta, Hegoaldeko tasa orokorra %14 da, euroguneko batez bestekoa baino lau puntu handiagoa.
6. Emakumeen kaltean
Azken bi urteak bereziki kaltegarriak izan dira emakumeentzat. Orain dela bost urte krisia hasi zenean, enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda zeuden hamar langabetik sei emakumeak ziren. Ondoren, gizonen langabeziak hazkunde handiak izan zituen 2008an eta 2009an, eta kopuru orokorrean emakumeena gainditu zuen. Haatik, azken bi urteetan egoerari buelta eman zaio: emakume langabeak %17 handitu dira, eta gizonak, %10 baino gutxiago. Emakumeen langabezia ulertzeko beharrezkoa da tasari erreparatzea ere. Emakume aktibo gutxiago daude, eta zailagoa da haientzat lana aurkitzea. Emakumeen %15,5 dago langabezian, eta gizonen %12,8.
7. Gazte eta langabe
25 urte baino gutxiago dituzten 16.696 gazte daude izena emanda Hegoaldeko enplegu zerbitzu publikoetan. Krisia hasi zenetik kopuru orokor handiena bada ere, langabe kopuru guztian duten pisua apur bat jaitsi da azken bi urteetan. INEren inkestekin gurutzatuz gero, euren langabezia tasa %17, 5 da.
8. Sektore guztietan
2010ean industria libratu zen langabeziaren igoera orokorretik. 2011. urtean ez da gauza bera gertatu, eta sektore guztietan igo da langabe kopurua. Industriak izan du, hala ere, hazkunderik txikiena (%3,5). Eraikuntzan langabezia %5 igo da berriro, eta zerbitzuetan %6,5. Hirugarren sektoreak biltzen ditu hamar langabetik sei. Gutxi gorabehera, zerbitzuen ekonomian duten pisuaren pareko emaitza.
Hiru sektore handienak alde batera utzita, langabe kopuruak hazkunde oso handia izan du lehen sektorean. Aurreko urtean baino %23 gehiago. Aldez aurretik enplegurik izan ez duten eta lehen lanpostuaren bila ari direnen kopuruak ere gora egin du nabarmen: %23.
9. Kontratu finkoa, hilik
Kontratu finko edo mugagabea izatea ametsa zen garaiak joan dira. Gaur egun, ezta ametsa ere. Orain dela sei-zazpi urte, enpleguaren egonkortasuna zen erronka nagusia. Orduan, eskandalagarria zen hamar kontratutik bakarra mugagabea izatea. Baina gaur egungo egoerak marka guztiak hautsi ditu. Joan den urtean, sekula baino kontratu mugagabe gutxiago sinatu ziren Hego Euskal Herrian: 58.369, egin ziren guztietatik %6 baino ez. 2011. urtean 2009an baino 70.000 kontratu gehiago sinatu ziren, baina hazkunde guztia aldi baterako kontratazioak irentsi zuen. Egoerak agerian uzten du joan den urteko lan erreformak kontratu egonkorrak sustatzeko tenorean egindako porrot nabarmena.
10. Estaldura, behera
Krisia luzatu ahala, iraupen luzeko langabeziaren arazoa garrantzi gero eta handiagoa hartzen ari da. Azarokoa da langabezia sarien egoerari buruzko azken datua. Horren arabera, beharrik gabekoen ia %42k ez dute inolako ordainik jasotzen. Estaldura tasa —ordainen bat dutenen ehunekoa— bost puntu inguru erori da azken urtean. Alegia, 80.000 langabek ez dute ezer kobratzen. Lanean egindako kotizazio sozialen arabera kobratzen dutenak heren bat baino ez dira. Subsidioa, berriz, langabeen %20,5ek kobratzen dute. Enplegu zerbitzuek ematen dituzten datuetan ez da kontuan hartzen Jaurlaritzak banatzen duen oinarrizko errenta.
Langabezia. 2011ko datuak
Langabeziaren oparirik ez
Abenduko igoeraren ondoren, 192.000 langaberekin amaitu da 2011 Hego Euskal Herrian, aurrekoan baino 13.000 gehiagoKontratazioa handitu bada ere, sekula baino kontratu mugagabe gutxiago sinatu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu