58 urteko langile bat hil da gaur goizean Barakaldon, Gurutzetako ospitalean, azkeneko lau egunetan koma egoeran egon ostean. Ostegunean lan istripua izan zuen Loiun, Indubilsa enpresan. Sopelakoa zen hildakoa, gizonezkoa -J.V.-.
6:50etan eduki zuen eguenean ezbeharra: torno batekin zebilela 500en bat kiloko pieza batek buruan jo zuen. Zentral termikoetarako eta itsas esparrurako piezen mekanizaziorako egiten du behar Indubilsak.
Enpresako langileek bihar egun osoko geldialdia egingo dute, protesta bezala, eta eguerdirako lantoki atarirako elkarretaratze isila deitu dute. CCOO sindikatuak dioenez, ezbehar hori ere saihestu zitekeen, "baldin eta istripuen prebentziorako neurriak erabat beteko balira".
LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan hil den 48. behargina da gaurkoa. Iaz horrela 80 langile zendu zirela dio LABek. 2008an 112, 2007an 125.
lan istripua
Langile bat hil da Barakaldoko erietxean, lan istripua izan eta lau egunera
Ostegunean izan zuen ezbeharra Loiuko enpresa batean; 500 kiloko pieza batek buruan jo zuen. 58 urteko gizonezkoa da hildakoa, Sopelakoa. Lankideek bihar eguerdirako elkarretaratzea deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu