lan istripua

Langile bat hil da Beasainen, lantokira sartzera zihoala orga-altxatzaile batek harrapatuta

CAFen gertatu da ezbeharra, goizeko zazpiak aldera. 36 urteko emakumezko goierritarra da hildakoa. Enpresako langileek bihar goizera arte lanuztea egitea erabaki dute.

2010eko maiatzaren 11
16:06
Entzun
Emakumezko langile bat hil da gaur goizean Beasainen, CAF enpresan lan istripua izanda. Zazpiak aldera gertatu da ezbeharra eta langilea bertan zendu da.

Goierrikohitza.info-ren arabera, orga-altxatzaile batek harrapatu du lantokira sartzera zihoala, Lazkaibarko pabilioietan. Langile Batzordeko ordezkariek azaldu dutenez, langilea kotxea aparkatu ondoren bulegoetarako bidean zihoan, oinez, bi kaxa zeramatzan orga-altxatzaile baten gidariak ez du ikusi eta atzetik harrapatu du. "Askotan salatu dugu zenbait tailerretako sarbideetako egoera", esan du batzordeak.

Bulegoetan lan egiten zuen emakumezkoak -Arantza Mintegi Goikoetxeak-. 36 urte zituen eta Goierrikoa zen -izatez Idiazabalgoa, Legorretan bizi zen-.

Langileek gaur goizean batzarrean erabaki dutenez, protesta gisa bihar goizeko hamarrak arte lanuztea egingo dute. Horretaz gain, bihar 8:30ean elkarretaratzea egingo dute CAFeko sarrera nagusiaren atarian -gaur ere egin dute-. Halaber, bihar 19:15ean Legorretan bilkura izango da.

Irungo CAFeko beharginek bat egin dute Beasaingoekin, eta eurek ere lanuztea egingo dute bihar hamarrak arte.

LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan hil den 30. behargina da gaurkoa. Iaz horrela 80 langile zendu zirela dio LABek. 2008an 112, 2007an 125.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.