Langile bat hil da Bilbon teilatu batetik erorita

LABen zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian hildako 24. langilea da; aste honetan, laugarrena.

Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat. BERRIA
Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat. BERRIA
14789412 kepa
Bilbo
2025eko maiatzaren 29a
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Aste beltza da hau Euskal Herrian, lan istripuei dagokienez: gaur goizean, behargin bat hil da Bilbon, lan egiten zebilen teilatutik erorita. Hain zuzen ere, astelehenean eta asteartean, beste hiru langile zendu ziren, Amurrion (Araba), Atxondon (Bizkaia) eta Andosillan (Nafarroa) gertatutako ezbeharren ondorioz. Gaurko istripua 10:24an izan da, Bizkaiko hiriburuko Ugarteburu kalean, Arabella auzoan, Europa Press berri agentziak zehaztu duenez. Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak hara joan dira, baina ezin izan dute ezer egin behargina suspertzeko. Tokian bertan baieztatu du mediku batek hila zela.

LABen zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian hildako 24. langilea da gaurkoa; aste honetan, laugarrena.

Hain zuzen ere, asteartean Amurrion Tubos Reunidos enpresan hildako behargina ere toki garai batetik erori zen. Ertzaintzak 12:40an jaso zuen deia. LAB sindikatuak jakinarazi zuenez, azpikontratatutako enpresa batentzat egiten zuen lan.

Aste hasieran, beste hiru hildako

Horren beri eman ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu zuen astelehenean beste langile bat hil zela, Atxondon, abiadura handiko trenaren obretan ari zela. LABek azaldu zuenez, pieza bat gainera erori eta zauri larriak eragin zizkion; «odolustuta» hil zen. Sindikatuaren arabera, 49 urte zituen. AHTko lanak egiteko azpikontratutako enpresa batentzat aritzen zen, Conprovialentzat.

Azkenik, astelehenean bertan jakin zen Andosillan beste behargin batek galdu zuela bizia, elikadura enpresa batean: igeltsero lanetan zebilen, eta karga gainera erori zitzaion. 50 urte zituen, eta Calahorran bizi zen (Errioxa, Espainia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.