Langile bat hil da Derioko kultur etxeko obretan, zazpi metrotik erorita

Administrazioak lan istripuetan erantzukizuna baduela esan dute ELA eta CCOO sindikatuek

Erredakzioa
Bilbo
2009ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Derioko (Bizkaia) kultur etxe berria eraikitzeko obretan lanean ari zen 44 urteko kofratzaile bat hil zen atzo. Langilea zazpi metroko zutarri bat kofratzeko lanetan ari zen, beste lankide batekin, plataforma jasotzaile batean. Osalanek jakinarazi duenez, bat-batean zutarrian ezarri beharreko xafletako bat erori egin zen, eta langile bien plataforma jo zuen. Kolpearen ondorioz plataformatik jausi eta lurra jo zuten biek. Eguerdian gertatu zen ezbeharra, 12:45ak aldera.

Osasun zerbitzuei berehala deitu zieten arren, kofratzailea suspertzerik ez zuten izan, heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. Anbulantzia batek hildakoaren lankidea erietxera eraman zuten, zaurituta.

Portugalgo Ergolivre Construcciones enpresarentzat lan egiten zuten biek, Bizkaiko Jose Olabarri Construcciones enpresak azpikontratatuta. Derioko Udaleko hainbat zinegotzi obretara joan ziren istripua gertatu eta gutxira, inguruan antolatutako ekitaldi batean parte hartzen ari zirelako. Udalbatzakminutu bateko isilunea egingo du hurrengo bileran, hildakoaren omenez.

Sindikatuen gaitzespena

Euskadiko CCOOko eraikuntza federazioak Derioko langilearen heriotza salatu zuen atzo. Enpresen arteko azpikontratazioek mota honetako istripuak ugaritzea dakartela ohartarazi zuten. Sindikatuaren arabera, nazioartean aritzen diren enpresa horien gaineko erregulazioa beharrezkoa da, «lan osasunean eta soldatetan eraikuntzaren itunak ezarritakoa betetzen ez dutelako». Enpresa horietako gehienak portugaldarrak direla zehaztu zuten.

ELAk ere salatu zuen atzoko lan istripua. Eraikuntza sektore «prekarioa» dela gogorarazi zuten eta, enpresek, segurtasun neurriak eta lan osasuneko arauak behin eta berriro ez betetzeari «oso larria» dela iritzi dio. Lan ezbeharrak agendetan azaltzea «premiazkoa» dela eta administrazioek «langileen segurtasuna zaintzeko ardura» dutela nabarmendu zuten.

ELAk elkarretaratzea egingo du gaur Derioko udaletxean, 12:00etan, enpresen eta gobernuen erantzukizuna azpimarratzeko.

LABen zenbaketaren arabera, Euskal Herrian 64 behargin hil dira lanean ari zirela urtea hasi zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.