Langile bat hil da Eibarren, karga altxagailu batean hogei metrotik erorita

Segurtasun neurrien falta salatu dute LABek, CCOOk eta ELAk, eta protestak antolatu dituzte

Erredakzioa
2009ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Eibarko (Gipuzkoa) Corte Ingles saltoki berria eraikitzeko obretan lanean ari zen behargin bat hil zen atzo, erabiltzen ari zen karga altxagailua 20 metrotik gorako altueratik erorita. Goizeko hamaikak inguruan gertatu zen ezbeharra eta, lankideek osasun zerbitzuetara deitu zuten arren, gizonezkoa hilda zegoela egiaztatu besterik ezin izan zuten egin medikuek. Langileak 35 urte zituela eta portugaldarra zela jakinarazi zuen enpresak.

Lankide batek azaldu zuenez, bederatzi solairuko eraikinaren hainbat atal marmoleztatzen lan egiten zuen hildakoak. Lekukoek ez dakite zergatik erori zen karga altxagailua, eta Osalaneko teknikarien txostenaren zain daude. Esan zutenez, bat-batean jausi eta, kolpearen ondorioz, bitan zatitu zen lurra jo ondoren. Langilearen gorpua Donostiako Auzitegiko Medikuntza Zerbitzura eraman zuten, autopsia egiteko.

Obrako arduradunek, ikerketaren emaitzaren zain daudela adierazi dute, «segurtasun akatsa edo langilearen arduragabekeria» izan den jakiteko.

Enpresaren «utzikeria»

Sindikatuek gogor salatu dute Eibarren gertatutakoa, eta ELAk, gainera, iazko uztailean obra horien inguruan Lan Ikuskaritzan eginiko salaketak gogoratu ditu. Izan ere, atzerriko langileak Gipuzkoako eraikuntzako lan itunaren baldintzak bete gabe kontratatzen zituztela eta horregatik lan istripuak izateko arrisku handia zegoela ohartarazi zion Administrazioari. Merkataritza gune ezagunaren «erabateko utzikeria» salatu du ELAk, eta egoerak «premiazko neurriak» behar dituela gaineratu.

Euskadiko CCOOk, bestetik, eraikuntzan «etengabe» izaten diren istripuak gelditzeko bitartekoak eskatu ditu, eta LABek, berriz, «prekarietateak hil egiten» duela gogorarazi du.

Langilearen heriotza salatzeko, elkarretaratzeak egingo dituzte sindikatuek: LABek hilaren 21ean egingo du, Corte Ingles aurrean; CCOOk gaur, eraikuntzaren ondoan; eta ELAk, berriz, Unzaga plazara deitu ditu langileak gaurko, 12:30erako.

LABen arabera, aurten 61 behargin hil dira Hegoaldean: Bizkaian 31, Nafarroan 15, Gipuzkoan bederatzi eta Araban sei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.